Eskolak euskalduntzearen alde sinadura bilketa kanpaina eginen da

Aitor AROTZENA 2006ko api. 27a, 13:05
«Bai Eskolak Euskalduntzeari» kanpainaren aurkezpena Bortzirietan. Lesakako Matxinbeltzenean hainbat gizarte eragile bildu zen martxoaren 8an. ttipi-ttapa

Irakaskuntzan orain arte indarrean egon diren hizkuntza politikak agorturik daude eta euskalduntzea bermatuko duen hizkuntza politika berria nahitaezkoa da. Ideia horren inguruan indarrak biltzeko asmoz, «Eskolak Euskaldundu» ekimenaren barrenean dauden e

Bortzirietan, lehen bilera zabala egin zen, kanpaina nola bideratu erabakitzeko. Bertan izan ziren Euskal Herrian Euskaraz, Ikasle Abertzaleak, herrietako euskara batzordeetako ordezkariak eta zenbait ikastetxetako irakasleak. Ondoren, herrietako Euskara Batzordeek hartu dute sinadura bilketaren ardura nagusia eta Euskara Mankomunitateak ere kanpainari atxikimendua agertu dio. Aitzinera begira, hasteko herritarrei kanpainaren nondik-norakoak laburbiltzen dituen orri informatiboa banatuko zaie. Gainera, zenbait herritan ekitaldiak antolatuko dira. Lesakan, errate baterako, euskara batzordeak, martxoaren 26rako, Bai Eskolak Euskalduntzeari lelopean ibilaldi bat antolatu du. Goizeko 10:30etan Plaza Zaharretik hasita ibilaldi bat eginen da herrian barna, txistulariekin eta soinulariekin, eta ondotik haurrentzako jokoak izanen dira. Sinadura bilketari dagokionez, berriz, herri bakoitzak bere dinamika izanen du.baina nagusiki martxoaren bigarren hamabortzaldian eginen da, herrietako euskara batzordeetako kideen bitartez.

Egoeraren azterketa

Egia da, Ttipi-ttapak Nafarroan hartzen duen eskualdean ikasle gehienak D ereduan ari direla, eta, gainera, inguru euskaldun batean bizi direla. Baina Euskal Herriari osotasunean begiratuz gero, egoera ez da horrelakoa. Sinadura bilketa kanpainaren sustatzaileen erranetan, «ikasleen %21ek gaztelaniaz edo frantsesez hartzen ditu eskolak, euskarazko irakasgai bakar bat ere gabe. Ikasleen %25 A ereduan matrikulatua dago, eta euskara irakasgai bezala ematen du, as, astean lau orduz. Ikasleen %17 B ereduan ari da, irakasgai batzuk euskaraz emanez eta bertze batzuk erdaraz. Ikasleen %37 D ereduan ari da; eskola guztiak euskaraz ematen dituzte, eta astean lau orduz erdara ematen dute». Gainera, zenbat ikaslek akautuko dituzte ikasketak euskara behar bezala menperatuz? Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2005ean euskara maila neurtzeko azterketa egin zien 16 urteko ikasleei. Emaitzetan ageri denez, A ereduko ikasle bakar batek ere ez zuen proba gainditu, B ereduko ikasleen %67k ez zuen gainditu eta D ereduko ikasleen %32k ez zuen gainditu.

Ondorioz, gaur egungo irakaskuntza sistemari eutsiz gero, hiru ikasletatik bi (ia 300.000 ikasle) ez dira euskaldunduko. Beraz, milaka ikasle aterako dira eskoletatik euskara menperatu gabe. Horrez gain, Euskal Herriko hainbat eremutan euskaraz ikasteko aukerak ukatu egiten dituzte administrazioek. Nafarroan bertan adibide aunitzeman ditzakegu: lanbide heziketan eta unibertsitatean euskararen sarrera eragozten da… eta, eskualdetik atera gabe, Berako Labiaga ikastola egoera alegalean dago oraindik orain.

ALDARRIKAPENA

Zehazki, sinadura orrietan agertuko den testua honako hau da: KONTUAN HARTUZ - Euskara Euskal Herriko berezko hizkuntza dela. - Berezko hizkuntza ezagutzea nazioartean onartutako giza eskubidea dela. - Derrigorrezko hezkuntzak herritarrei oinarrizko ezagutzak bermatu behar dizkiela. ALDARRIKATZEN DUT - Euskaraz ikasteko eskubidea Euskal Herri osoan bermatua izan dadila, ikas maila guztietan eta bereziki derrigorrezko hezkuntzan. - Euskara ezagutzeko eskubidea bermatzea herritar orori. Eskolak belaunaldi berriak euskaldundu behar ditu. ESKATZEN DIET - Euskal Herrian hezkuntza eta hizkuntza arloko eskumenak dituzten instituzioei eta bereziki Eusko Jaurlaritza, Nafarroako eta Frantziako Gobernuei, eskola bidez belaunaldi berrien euskalduntze osoa bermatzeko neurri zehatzak hartzea: • Euskararen ofizialtasuna aitortu eta gauzatzea, egun euskalduntzea bermatzen ez duten hizkuntza ereduen politikak gainditu eta berriak definitzeko prozesuak irekiz, beharrezkoa den aldaketa baten bidean urrats gisa. • Honekin batera, euskarazko irakaskuntzaren kontrako neurriak eten eta euskaraz ikasteko eskubidea bera osoki bermatzea. • Hizkuntza eskubideen egoerari jarraipena egiten dioten nazioarteko erakundeei, aipatutako aldarrikapenak gauzatzen laguntzea.

Patti MARTINEZ A ereduan ibilitako lesakarra

“A ereduan ez dut lortu euskara menperatzea” A ereduan egin zenituen ikasketak. Aski izan zaizu euskara menperatzeko? Nik A ereduan egin nituen nire oinarrizko ikasketak. Euskara ikasgai bezala ematen genuen, astean hiruzpalau orduz. Nire derrigorrezko ikasketak bukatu nituenean ez nuen euskara menperatzen. Jakina, euskara ulertzen nuen, Lesaka bezalako inguru euskaldun batean bizi nintzelakoz, baina eskolan eskuratu nuen mailarekin ez nintzen gai euskaraz moldatzeko. Hortaz, euskaltegira joan behar izan dut nire euskara maila hobetzera. Zer erranen zenieke beraien haurrak matrikulatzeko tenorean dauden gurasoei? A eredua aukeratu nahi duten gurasoei erran nahi diet A ereduan euskara ikasi, ikasten dela, astean hiruzpalau orduz; baina horrekin ez dela aski hizkuntza menperatzeko, eta euskaraz komunikatzeko behar den maila edo gaitasuna eskuratzeko. A ereduaren bitartez lortzen den euskara maila hagitz eskasa da, eta ez da euskaraz normaltasunez aritzeko behar den maila lortzen. Gaur egun seme-alabak A ereduan matrikulatzea elebidun izateko aukera hasieratik zapuztea dela iruditzen zait, eta euskara ikasteko duten eskubidea ukatzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun