Herriko besta egitarauan bere indarra hartzen ari den Erdi Aroko Azoka hirugarren aldiz eginen da aurten, apirilaren 23an. Goizeko 10etan hasi eta iluntzera bitarte, papera, loreak, harriak, ehoziriak, zeramika edo beira lantzeko hainbat tailer izanen dira eta haur jokoak ere eginen dira. Karrika animazioa ere ez da faltako, Maimur taldearekin, magoekin, perkusio taldearekin edo arku-tiroarekin. Guzira 40 artisau postu espero dira herriko karriketan. Beti Gazte elkartean dagoeneko zabalik dagoen XVI. mendeko emakume-kapeluen erakusketa ikusteko azken eguna ere izanen da. Joan den urtean bezala, Kasino jatetxean lau lagunentzako bazkaria zozketatuko da 13:00etan Alondigan. 18:30etan, Muxiko dantzaria izanen da Plaza Zaharrean Patxi Perezen eskutik.
Igandea egun nagusia izanen bada ere, bezperan, larunbat arratseko 22:30etan, Ramon Albisturek zuzendutako «Zabaleta dorreako dama» kale-antzerkia ikusgai izanen da. Zuzenki Erdi Aroko Azoka honekin lotua ez bada ere, garai horretan kokatutako hainbat liburu idatzi dituen Toti Martinez de Lezeak bere azken liburua aurkeztuko du apirilaren 20an, 20:00etan, Pleno Aretoan. Ortziralean, apirilaren 21ean, Liburuaren Egunaren aitzakiarekin, haurrentzako ipuin kontalaria izanen da liburutegian 18:00etan.