Gipuzkoako mendebaldea betea, promotoreek gero eta gehiago Nafarroa aldera begiratzen dute. Norabide horretan Bera da lehendabiziko herria. Hori dela eta, Udalak hirigintzan lan haundia du. Gai horri buruz solasteko martxoaren 28an, Helena Santesteban herriko alkatea, Jon Abril alkate ordea, Manuel Iriarte eta Julian Lekuona zinegotziak, Jose Andres Burgete Ingurumena, Lurralde Antolaketa eta Etxebizitza kontseilariarekin bildu ziren. Hauekin batera ere, Berako hirigintzako aholkulari berriak diren Felipe Saragueta eta Javier Lekuona izan ziren. Ikerketen arabera heldu den urteetan herriaren biztanleria 5.000 lagunetara ailegatu zitekeen. Honen aitzinean, hirigintzari irtenbideak proposatu behar zaizkio. Momentuz, 2011. urtera bitartean, Berako erdigunearen inguruan 750 etxebizitza egiteko aukera ikusten da. Eta hortik aintzinera, bertze 400.000 metro koadro aurreikusten da, baina honen inguruan azterketa osoa egin beharra dago: bideak eta saneamendu sarea bertzeak bertze.