Maddi erresidentziari dirulaguntza emateko aukera aztertzen ari da Nafarroako Gobernua

Amaia eta Ainhoa 2006ko uzt. 18a, 12:19

Horrela jakinarazi zuen Ongizate kontseilariak

Martxoaren 17an Jose Ignacio Palacios, Nafarroako Gobernuko Ongizate Kontseilaria, Herriko Etxean bildu zen herriko zinegotzi, zaharretxeko, Uxane zentruko eta Maddi erresidentziako arduradunekin. Bilkura honetan, Palaciosek Maddi erresidentzia ireki ahal izateko modu edo aukera bat proposatu zuen. Maddi, ezintasun psikikoa duten pertsonentzako erresidentzia da eta momentuan pertsona bakarra bizi da. Gaur egun erresidentzian plazak eskatzeko aukera haundirik ez dago, daukan kostuagatik eta suposatuko lituzkeen beharrengatik. Irtenbidetako bat, Gizarte Ongizateko Sailak, baliabide guttiko pertsonentzako dirulaguntzak ematea izan zitekeen. Zentruko 16 plazak bete daitezen, laister, Nafarroako Gobernuko teknikoak Gizarte Zerbitzuko langileekin bilduko dira. Zentruan bizitzeko interesa duten pertsona guztien fitxak aztertuko dira eta zonaldean horrelako bertze zentrurik ez dagoenez, eskualdeko bertze herritako pertsonek ere sartzeko aukera izanen dute. Zentruan sartu nahi dutenen egoera pertsonala kontutan hartuko da, horrela, interesatuari ordaintzen ahal duena bakarrik kobratuko zaio, gainerakoa Nafarroako Gobernutik bakoitzak zuzenean jasoko lukeen dirulaguntzarekin ordainduko litzateke.

Plaza hutsak geldituz gero, kontseilariak “familiak arnasteko” plazekin osotzeko aukera aipatzen du, Anasapsek Etxalarko Larraburua etxean eginen duen bezala. Maddi erresidentzia, gutti gora behera tutoretzapeko pisu moduan ireki zitekeen. Baina azaldutako hau, momentuz, alternatiba bat da eta gaur egungo egoera desblokeatzeko modu bat izan zitekeen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun