Etxebizitza

«Nire lanak bizitza eman dit eta aunitz gustatzen zait egiten dudana»

Ttipi-Ttapa

Jose Sarmiento, Briko Baztaneko arduraduna.

Jose SARMIENTO JAPON, Briko Baztaneko arduraduna.

2009an langabezian gelditu zen Jose Sarmiento Japón, «krisiaren ondorioz», eta orduan erabaki zuen autonomo gisa lanean hastea. «Lehen Baztango eraikuntza enpresa batean aritzen nintzen, eta esperientzia nuenez, nire kabuz aritzea erabaki nuen. Momentu hartan Briko Gipuzkoa jartzen zuen furgoneta bat ikusi nuen, eta aldi berean Bricomania telesaila aunitz ikusten nuen, eta handik sortu zen izena: Briko Baztan». Gaur egun langile gehiagorekin aritzen da, «baita bertako bertze autonomoekin ere, egin beharreko lanaren arabera».

Denborarekin lana dibertsifikatuz joan dira: «pinturarekin hasi ginen eta obrako eskaintza zabaltzen joan ginen, lan berri guzietarako prestatuz: pintatzen ari ginelarik pladurra jartzeko eskatu ziguten, eta hori ere ikasi genuen, gero egurra lantzen hasi ginen: ateak, leihoak, eskailerak… gaur egun lan ugari egiten ditugu, bezeroak eskatzen digunari egokituz». Gainera, «lanen bat egiten ez badugu, harremanetan jartzen naiz gremio hortako langileekin».

Urteko sasoiaren araberakoak izaten dira egiten dituzten lanak. «Udan jende aunitzek teilatuak eta fatxadak konpontzen ditu, eta lorategiko lanetan ere aritzen gara. Orain, udazken eta neguan, pintura eta pladur lanetan, komun eta sukaldetan eta igeltsero lanetan aritzen gara gehien».

Argi du beti «hurbileko ekonomia» dela bere lanaren filosofia; «materialak bertan erosten ditugu: Almacon, Menditxurin… eta hemengo langileekin aritzen gara elkarlanean. Horrela, aberastasuna bertan gelditzen da, eskualdean».

Lan eremuari dagokionez, «orain arte gehienbat Baztanen aritu izan gara, baina azken aldian Malerrekan ere lan aunitz egiten hasi gara». Narbarten du etxea, Legasako sarreran, eta bertan denda ere badute: «orain arte bazar baten modukoa zen, baina berritzen ari gara eta pertsonalizatuagoa izatea nahi dugu, eraikuntzaren bukaerara bideratua: pinturak, pladurra… brikolajeko lanak egiteko». Gainera, «bertan familiako ile apaindegia ere badugu, dena etxean!».

Langile falta

Urteekin «aldaketa aunitz» ikusi ditu lanbidean, «batez ere belaunaldi erreleboan. Jende aunitz jubilazioa hartzen ari da eta gazteek ez dute ofizioarekin segitu nahi, nahiago dituzte bertze lanak». Sarmientorendako, berriz, «ofizio polita da, ez da lan mekaniko bat, artisautza baizik. Eskuekin egiten dugu lan eta bakoitzaren eskuak edo izan duen maisuak eragin handia du obraren azken emaitzan».

Lana maite du, «bizitza» eman baitio. «Langabezian gelditzean depresio handia izan nuen, eta lan berrian hasteak hortik ateratzen lagundu zidan. Lanak dena eman dit: nire familiarendako mantenua, nire seme-alabendako etorkizun bat… dena». Gainera, negozioak segida izanen duen itxaropena du: «alaba zaharrenari aunitz gustatzen zaizkio eskulanak, interesa erakutsi du eta arras trebea da. Seme ttikiena oraindik gazteegia da».

«Belaunaldi erreleboa da sektorearen erronkarik handiena, honetan lan egin nahi duen jende gaztea falta dugu»

Etorkizunera begira, «jende falta» ikusten du sektorearen erronkarik handiena: «hemendik 10-15 urtetara ez da langilerik izanen. Hemengo gazteek nahiago dituzte bertze lan erosoagoak, eta geroz eta atzerritar gehiago gara horrelako lanak hartzen ari garenak». Eraikuntzatik kanpo ere, «ostalaritzan, turismoan… langileria falta da».

Azkenik, aldarrikapen argi bat plazaratu nahi izan du: «utz gaitzatela lan egiten! Administrazioak oztopo gehiegi jartzen dizkigu langile ttikioi, obra baimenek luzeegi hartzen dute eta zerga aunitz ditugu. Ofizioan gutti gara eta lagundu beharko ziguten, ez traba gehiago paratu». Azaldu duenez, «etxe bat zaharberritzeko edo eraikitzeko hainbertze denbora behar bada, jendeak nahiago du kanpora joan bizitzera. Burokrazia arinduta jendea errazago geldituko litzateke bertan bizitzen, lan gehiago izanen litzateke eta ondorioz dirua ere hemen geldituko litzateke. Ziklo bat da eta hori zaindu behar dugu etorkizuna bermatu nahi badugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun