«Aspalditik nuen txapelketa presentzial batean parte hartzeko txirrinta hori»

Ttipi-Ttapa

Zuriñe Bueno bidaiaz, irrifartsu.

Zuriñe BUENO BARBARIN, Narbarteko gaztea.

Nor da Zuriñe Bueno?

26 urteko neska alai eta independentea naiz. Sozializatzea eta ongi pasatzea maite duen pertsona eta beti laguntzeko prest dagoena. 

Non ibili zara azkenengo urteotan?

Sei urte daramatzat Elizondoko Benito Mennin lanean eta duela urte batzuk, independizatzeko pausoa eman ondotik, Elizondora bizitzera etorri nintzen. 

Zein dira zure afizioak?

Edozein musika talde eta genero aditzea gustatzen zait. Kozinatzea maite dut, eta gehienbat, errezeta berriak egitea.

Boxeoan aritzen zara, kontaiguzu!

Kirol hagitz esplosiboa da. Jotzea, koordinazioa, arnasketa... Pila bat gauza lantzen ditugu Borborkan. Nire lagun hoberenak animatu ninduen berekin batera hasteko, eta aunitz gustatu zitzaidan.

Nondik nora akitu zenuen irrintzi txapelketan lehiatzen?

Aspalditik nuen txapelketa presentzial batean parte hartzeko txirrinta hori. Duela urte batzuk online zen txapelketa bat irabazi nuen. Eta azkenean, animatu nintzen.

Txapela irabazita, irrintziaren bidetik jarraitu nahi duzu?

Aunitz gustatuko litzaidake baina ez ditut aukera aunitz ikusi. Hurbileko jendeak animatzen nau txapelketa gehiagotan parte hartzera eta proiektu handi batean sartzea, euskal kanta batean parte hartzea bezala, adibidez. Agian hemendik gutira kantaren batean adituko nauzue.

Eskualdeko leku bakar bat aukeratu beharko bazenu, zein izanen zen?

Mendaurko urtegiak.

Zer ikasiko zenuke gustura?

Nire lanarekin zerikusia duten ikastaroak egiten ditut... Erizaintzako laguntzaile bezala egiten dut lan. 

Kantu bat eta talde edo bakarlari bat gomendatu:

Esne Beltzaren Gogoak, adibidez. Añube taldea ere aunitz gustatzen zait.

Epe motzean, zertan ikusten duzu zeure burua? 

Ez dakit, ez dut ezer ere ez burutan, baina aurten nire lehendabiziko bidaia egin dut bakarrik, Suitzara, nire lagun hoberena han bizi delako, eta esperientzia hori bizitu ondotik, bueltatu nahiko nuke.

Zure berezitasun bat?

Nire lagunei galdetuta, gauzei alde positiboa ateratzen diodala erran didate, eta aurpegian beti irri bat dudala ere bai.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun