Hasieratik argitu du zein den eskaintzen duen zerbitzua: «Instalazio berri bat hutsetik egin beharrean, lehendik dauden instalazioetan hobekuntzak edo mantentze lanak egiten ditut. Sistema ahalik eta eraginkorrena jartzea da helburua». Horregatik, lan teknikoari bezainbertzeko garrantzia ematen dio aholkularitza lanari: «Kasu bakoitza aztertu eta sistema ahalik eta eraginkorrena aurkitzea da helburua».
Horretarako, azterketa sakona egiten du: «Bezero bakoitzaren kontsumoa zein den, egin beharreko inbertsioa zenbatekoa den... neurtu eta irtenbideak eskaintzen dizkiet». Argi dio, «hemen ez dago beltz edo zuririk. Batendako irtenbide onena dena, bertzearendako ez da balekoa».
Duela urte eta erdi jarri zuen Klimargi enpresa martxan, baina lehendik ere ezagutzen ditu lanbidearen nondik norakoak: «Ttikitatik ezagutzen dut mundu hau. Aita honetan aritzen zen eta berari laguntzen aritzen nintzen udan. Hamabortz urtez aritu nintzen sektoreko bi enpresatan lanean, neure kabuz jartzea erabaki nuen arte». Hasi denetik, lanik ez zaio falta izan. Klima aldaketaren ondorioz, erregai fosilen erabilera murrizteko hainbat neurri hartu dituzte agintariek eta dirulaguntzak tarteko, «gasoliozko galdarak aerotermiagatik» aldatzeko eskaera aunitz izan ditu: «gasolioa eta gasa kendu eta sistema aerotermiko eta geotermikoak bultzatu nahi dituzte».

Gasatik aerotermiara aldatzeko, ez dela obra handiegirik behar izaten azaldu du: «Instalakuntzan egiten dira aldaketa batzuk, baina ez dituzu paretak hautsi edo igeltsero lan haundirik egin behar. Lehenagoko galdara konektatuta zegoen zirkuitu edo tuboekin egiten da lan guztia». Egin beharreko aldaketak, instalazio elektrikoarekin izaten dute lotura: «Etxeak zaharrak badira, aunitzetan ez dira prest egoten kontsumo elektriko horretarako eta hor egin behar izaten dira hobekuntzak. Kuadro elektrikoa hobetu, linearen bat aldatu... ».
Inbertsioa
Inbertsiorik handiena, aerotermia ekipoa eta materiala erostea izaten da: «lortu nahi den emaitzaren arabera egin beharreko instalazioak eta ekipoak aldatzen dira». Horregatik dio, zaila dela diru kopuru bat zehaztea, «kasu bakoitza desberdina da. Instalazioaren tamaina, metro karratuak, erabilera, berokuntza eta ur beroaz gain, hotza ere hortik kudeatu behar ote den, erradiadore edo zoru erradiatzaileari lotua egonen den... gauza aunitz hartu behar dira kontuan eta ezinbertzekoa da dena aztertzea aurrekontu zehatz bat prestatzeko».
Batzuetan, aerotermia bertze edozein sistema baino errentagarriagoa izaten da: «Gure eskualdean harrizko etxe handiak daude, 200 metroko solairuak. Hor izaten zuten normalki gasolioa, 1.000 litroko depositua eta egurra… hor aerotermiarekin pila bat aurrezten duzu». Zehaztu du, aerotermian behar den energia ez dela ehuneko ehun elektrikoa: «Behar du elektrizitatea pizteko, baina azkenean lortzen du energia haizetik. Gastatzen duzu kilowatt bat, eta makinak ematen dizkizu lau edo lau eta erdi».
«Sistema baten alde egin edo ez erabakitzeko, kasu bakoitza aztertu eta inbertsioa, kontsumoa... neurtu behar da»
Aholkularitza
Badira, ordea, egindako inbertsioari nekez buelta emanen dioten kasuak. Horregatik, egoera bakoitza ongi aztertzea ezinbertzekoa iruditzen zaio: «Ongi aztertzen dut aerotermia non jarriko dudan. Batzuetan bezero batzuk etortzen zaizkizu erranez aerotermia jarri nahi dutela. Baina geldi! 'zer kontsumo duzu', 'zer behar duzue?', 'inbertsioa noiz amortizatuko duzue?'… dena neurtu behar da».
Aunitzetan, aldaketa ttikiago batekin nabaritzen da hobekuntza: «galdara aldatu eta kondentsaziozko bat jartzea aukera hagitz ona izaten da. Alternatiba merkeagoa eta hagitz errentagarria. Gainera, galdara berriak etorkizunean gasetik hidrogenorako aldaketa egitea eskatzen dutenerako prestatuak heldu dira».
Aholkularitza hori eskaintzen du Iker Trantxek: «Etxe batera joan eta ikusten duzunean sistema zahar bat duela, gastu handia, mantentze lan handia... polita da irtenbide bat emateko gai izatea».
Bezeroek hainbat alternatiba dituzte eskura eta mantentze lanei ere eman die garrantzia: «kondentsaziozko galdara bat jartzea, tenperatura doitzeko giltza termostatikoak jartzea erradiadoreetan, tuboa ongi isolatzea... neurri txiki horiekin aldea nabarmena da».
Eraldatzen
Urte gutxian aldaketa aunitz izan direla aipatu du: «Teknologiarekin lotura duten gauzak etengabe aldatzen dira. Sistema berriak ateratzen dituzte eta guk prest egon behar dugu, hortara moldatzeko eta ikasteko. Horrela funtzionatzen du merkatuak». Hala ere, bere ustez, aldaketa handiena «klima aldaketaren ondorioz» etorri da. Udan galtza bete lan izan du haize egokitua jartzen: «Behar berriak sortzen ari dira klimaren aldaketaren ondorioz». Eta hortan ere gauzak egiteko eta ikusteko modua aldatu dela azpimarratu du: «Duela urte batzuk jartzen ziren aparatuak eta gaur egungoek ez dute zerikusirik. Garai bateko sistemek erabiltzen zuten gasa hagitz kutsakorra zen, ozono geruzan kalte handia eragiten zuen... Horretan izan da kristoren aldaketa, Bertze gas mota bat erabiltzen dute orain, gutxiago kutsatzen duena».
Ez da izan eskariak goranzko bidea egin duen sektore bakarra: «Kotxeen kargagailu elektrikoak ere geroz eta gehiago jartzen ditut. Erosi dut kotxe elektrikoa eta behar dut non entxufatu. Horixe izaten da orain jende aunitzen eskea».
Eta aldaketaren olatu horretara igota, datorrenari aurre egiteko prest egotea, horixe da Iker Trantxeren nahia: «lanean segi eta bezeroei eta ingurugiroari laguntzea posible bada, aunitzez ere hobeki».