Myriam Cameros Sierraren ‘Medicinas/Sendagaiak’ Bertizko erakusketan bisita gidatua egin dute

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 18a

Myriam Cameros Sierra azalpenak ematen bisita gidatuan. Kultura kontseilaria ere bertan zen.

Kultur programaren 31. edizioaren barrenean, Nafarroako 42 herritan kontzertuak eta dantza emanaldiak eskaintzen ari dira. Emanaldiez gain, Kultur programak arte plastikoen erakusketa bat ere badu, eta aurten Myriam Cameros Sierra da protagonista, Medicina/Sendagaiak marrazki eta eskultura erakusketarekin. 

Uztailaren 1etik abuztuaren 31ra ikusgai da Bertizko Jaurerrian. Uztailaren 16an, berriz, bisita gidatua egin zuten eta Rebeca Esnaola Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirol eta Turismo kontseilaria ere Bertizko Jauregian izan zen.

Myriam Cameros ilustratzailea da, haur eta gazteen literaturan espezialista. Artistaren proposamena ikusgai izanen da abuztuaren 31ra arte Bertizen. Bertan, egileak ibilbide bisual bat egiten du paper gaineko marrazkietan, brodatuetan eta pieza eskultoriko txikietan barrena, eta landareekin eta animaliekin aldatzen eta nahasten diren gorputzak irudikatzen ditu.

Ortzegun honetako bisita gidatuaz gain, uztailaren 29an, asteazkenean, 11:00etatik 13:00etara, Akelarre ilustratua eskainiko dute helduentzat. Gehienez 15 lagun.

Abuztuaren 16an, igandean 11:00etatik 12:3e0era, Pertsonaia fantastikoen sorkuntza tailerra, 6 eta 12 urte artekoei zuzendua (heldu batek lagundua). Gehienez 20 lagun.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun