Zortzi urte dira Nafarroako lehen parke naturaleko behatoki 'gordelekua' egin zutela, egitura kamuflatu bat, “kristal espioiz” eta txorientzako elikaduraz hornitua
Egurrez eraikita dago hormigoizko zola baten gainean, faunaren begietarako ezkutatuan gelditzen den egurrezko txabola txiki bat da, eta 4,5 x 3 metroko oinplanoa du eta 2,15 metroko altuera duena. “Kristal espioiak” dituzten leihoak eta kristalik gabeko hiru bao ditu, bertan daudenek argazkiak isla deserosorik gabe egin ahal izateko. Horrez gain, txorientzako elikagai batzuk daude (haziak, garia, ogia eta koipea) eta edontzirako ura, animaliak erraz erakartzeko eta hurbilagotik ikusteko.
Bertizkoa, Nafarroan oihan batean kamuflatuta dagoen behatoki publiko bakarra da, nahiz eta Nafarroako Gobernuak bertze eremu kamuflaturen bat kudeatu, baina denak ibai inguruetan daude; errate baterako, Las Cañas aintziran. Nornahik erabil dezake, baina lehendik erreserba egin behar da, 948 59 24 21 telefonora deituz edo cinberti@cfnavarra.es helbidera idatzita. Pertsonako eta eguneko prezioa 5 eurokoa da, eta hasiera batean erabiltzeko ordutegia parkeak duen berbera izanen da. Udako denboraldi honetan, uztailean, asteko egun guztietan dago irekita, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, eta abuztuan ere, astelehenetik igandera, goizez ordutegi berarekin eta arratsaldez 15:00etatik 19:00etara.
Zortzi urte hauetan 500 lagunek erabili dute
Ingurumen hezkuntzara eta Ondare Naturalaren balorizazio eta interpretaziora bideratutako azpiegitura hau martxan dagoen zortzi urte hauetan, 500 lagun inguruk erabili dute behatokia. Eskari gehien udako hilabeteetan izaten da eta urtearen azken hiruhilekoan ere bai, hegaztiak behatzeko garai egokiena izateagatik. Nolanahi ere, ez da plaza-arazorik izaten aurrez erreserba egiten bada, baina saio bakoitzeko hiru pertsonak erabili dezakete espazioa aldi berean.
Espazioaren izaera bera dela eta, zuzkidurara iristen den bidezidorrak irisgarritasun mugatua du. Behin hara ailegatuta, ‘gordelekurako’ sarrera zenbaki kode baten bidez egiten da, eta instalazioa erabiltzeko arauak bete behar dira. Bertzeak bertze, debekatuta dago bertan erretzea edo sua piztea. Adingabeek beti norbaitekin joan behar dute azpiegiturara eta bertan norbaitek laguntzarekin egon behar dute.
Paridoak, pizidoak eta ugaztun txikiak
Gordelekua bereziki hegaztiak behatzeko diseinatuta dago, kasu honetan Bidasoa ibaiaren arroko baso atlantikoko baso-hegaztiak. Erraza da hegazti arruntak ikustea, kaskabeltz txikia, kaskabeltz handia, amilotx urdina edo amilotx mottoduna bezalako paridoak edota garrapoa edo txantxangorria bezalako hegaztiak, beste familia batzuetakoak.
Okil handia (Dendrocopos major) ere ikus daiteke lumaje deigarriarekin. Baita okil gibelnabarra (Dendrocopos leucotos) eta okil ertaina ere (Leiopicus medius), galtzeko arriskuan katalogatuak.
Txoriez gain, behatzeko orduetan, ugaztun txiki batzuk ikus daitezke; hala nola, katagorriak, lursaguak, etab. Parkearen kudeaketatik gordelekura doazenei gomendatzen zaie prismatikoak eramatea, eta, espezialista batekin joandakoek izan ezik, fauna ezagutzeko aplikazioak erabiltzea, mugikor adimendunetarako garatuak Interneten.
Jaurerriko oihanak 2.052 hektarea ditu, eta oihan masa handi batek estaltzen du, Aizkolegi mendiaren gailurreraino, 842 metroko altueran. Landarediaren aldetik, harizti atlantikoak eta pagadiak dira nagusi. Finka Pedro Zigak 1949an Nafarroako Foru Aldundiari emandako testamentu ondarea izan zen, ezaugarriak aldatu gabe kontserbatzeko eskakizunarekin.
Modu horretan, Jaurerria Parke Natural izendatu zuten 1984an, eta Nafarroan katalogazio hori duen lehena izatera iritsi zen. Bertiz, Nafarroako Parke Naturala izateaz gain, Natura 2000 Sarean sartuta dago; hau da, natura ondarea sailkatzeko eta kudeatzeko sisteman, Europako espezie eta habitat mehatxatuenak kontserbatzeko.
Ingurumenaren eta kulturaren aldetik dinamizatzeko karga handia hartu du guneak, eta normalean Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako eta Unibertsitate-graduetako ikasleei zuzendutako jarduerak egiten ditu. Bertizko behatoki ezkutatua Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak eskola bisita gidatuen plangintzaren barruan urte osoan eskaintzen duen elementuetako bat da.