Nor dugu Mixi?
Pertsona alaia, maitagarria eta energia handikoa; oso jatorra eta beti giro ona sortzen saiatzen den horietakoa. Aldi berean, nahiko burugogorra ere bai.
Zer duzu maite?
Dantzatzea, bidaiatzea, irakurtzea, familiarekin eta lagunekin egotea, eta kirola egitea ere bai. Bakarrik nagoenean ere gustura sentitzen naiz, lasaitasuna aurkitzen dudalako. Oro har, gauza berriak probatzea gustatzen zait.
Dublinen bizi izan zara...
2023ko ekainean joan nintzen eta 2024ko urrian bueltatu. Dena den, 2024ko uda etxean igaro nuen.
Nolatan sortu zen aukera?
Betidanik izan dut kanpora joateko eta ingelesa ikasteko gogoa. Hasieran urrunago joan nahi nuen arren, arrazoi pertsonalak tarteko familia hurbilago edukitzea erabaki nuen. Dublingo haur eskola bateko kontaktua banuen eta e-mail bat bidaltzea erabaki nuen.
Esperientziaren bueltan zer azpimarratuko zenuke?
Egin nituen lagunak, nire familia bihurtu baitziren.
Zer eman dizu Dublinek?
Ausardia. Neure buruari proposatzen diodana egiteko gai naizela ikasi dut, eta konfiantza ere bai; nigan sinesten ikasi dut. Beraz, badakit proposatzen dudan edozer lortzeko ez dudala inoren baliozkotasuna behar, nirea bakarrik.
Hango bitxikeriarik?
Autobusen funtzionamendua: keinurik egiten ez baduzu, ez dira gelditzen. Hasieran asko galdu nituen. Jendearen adeitasuna ere gustatu zitzaidan, autobusetik jaistean jendeak txoferrari Thank you!, oihukatzen dio.
Eta etxea faltan bota izan zenuen?
Hasieran kontent egon nintzen, argi nuen nireak hemen egonen zirela nire zain. Baina egun txarrak nituenean edo maite nuen norbaiten urtebetetzea zenean, triste pasatu nezakeen eguna.
Bueltatzea gustatuko litzaizuke?
Joan nintzenetik argi izan dut bizitzera ez nintzela berriz bueltatuko, baina bisitan bai. Berriki egon naiz hiru egunez.
Baduzu grina pizten dizun bertzelako esperientziarik?
Sentitzen dut atzerrian bizitzeko esperientzia dagoeneko bizi dudala, izatekotan motxilarekin joanen nintzateke.
Bertze zerekin amesten duzu?
Amari buruzko liburu bat idaztearekin; bera da nire inspiraziorik handiena.