Eguraldi ederrak lagunduta, jende ugari ibili zen larunbatean Legasan, eta Malerrekako Mankomunitateak jakinarazi duenez, «aurreikusitako jarduera guztiak giro ezin hobean eta inolako gorabehera aipagarririk gabe egin ziren».
Gainerakoan, Malerrekako Mus Txapelketan txapeldunak Peio Mutuberria eta Fermin Etxekolonea, Zubietako bikotea, izan ziren. Bertzalde, egunaren bukaeran egindako zozketan saritutako zenbakiak honako hauek izan ziren:
- saria: 0065
- saria: 2251
- saria: 2645
Bidenabar, Malerrekako Mankomunitateak eta Bertizaranako Udalak eskerrak eman nahi izan dizkiete «Legasako herriari, boluntario guztiei, parte hartu duten talde eta elkarteei, eta larunbatean Legasara hurbildu ziren herritar guztiei, bertze behin Malerrekako Eguna eskualdeko topagune eta bertze egun arrakastatsu bihurtzeagatik».
Hamahirugarren edizioa izan da aurtengoa. 2012an Zubietak hartu zuen Malerrekako Egunaren erronka, 2013an eratsundarren txanda izan zen; 2014an Donezteben egin zuten, 2015ean Elgorriagan, 2016an Iturenen, 2017an Urrozen, 2018an Sunbillan, 2019an Ezkurran, 2022an Donamarian, 2023an Oizen, 2024an Saldiasen, joan den urtean Beintza-Labaienen eta aurten Bertizaranan, Legasan. Hala borobildu dute Malerrekako Mankomunitatea osatzen duten udalerrietako lehenbiziko buelta. Heldu den urtean, Zubietak hartuko du berriz lekukoa.