Alejandro Irigoien doneztebarrak irabazi du Bertizaranako Enduro Proba

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 5a

Podiuma osatu zuten motor gidariak.

Joan den larunbatean, maiatzaren 2an, Bertizaranako VI. Enduro Txapelketa egin zuten. Estatuko eta Euskal Herriko 76 motor gidarik parte hartu zuten, urteko txapelketetarako puntuagarria baitzen. Alejandro Irigoienek, Xabier Gallardonek eta Oihan Meokik osatu zuten podiuma. 

Argazkiak eta informazioa: Ivan Lopez. 

Egun polita atera zen: eguraldiak lagundu zuen eta azken momentura arte ez zuen euririk egin. Horrek, bai pilotuei eta bai antolatzaileei, zailtasun aunitz saihestu zizkien.

Lasterketa, 10:00etan hasi zen Bertizaranako moto zirkuituan, lehenbiziko eremu kronometratua bertan izan baitzen. Ondotik, mendiko eremu kronometraturantz abiatu ziren motor gidariak, eta han ere ahalegin handia egin zuten denborarik laburrena lortzeko. Bigarren eremu kronometratua akituta, mendiko 28 minutuko rallyra abiatu ziren, berriz ere zirkuitura bueltatzeko.

Senior eta junior kategorietan, hori guzia hiru aldiz egin behar izan zuten, eta senior-C, master, junior sub-18 eta trofeo kategorietan, berriz, bi aldiz. Dena akitu eta eremu kronometratuetako denborak gehitu ondotik, lasterketako mailarik gorena inguruko pilotuek erakutsi zuten. Senior kategorian eta Scratchean (osotara), irabazlea Doneztebeko Alejandro Irigoien izan zen; bigarren postuan, Etxalarko Xabier Gallardon gelditu zen; eta hirugarrenean, Oihan Meoki lekaroztarra. Aipatzekoa da, iaz irabazle izan zen Unai Apeztegia iruritarrak, lehenbiziko posturako borroka bizian zegoelarik, istripu bat izan eta lasterketa alde batera utzi behar izan zuela.

Gainerakoan, aurtengo ibilbideetan egindako moldaketekin, lasterkari guztiek probaren balorazio positiboa egin zuten, eta eguraldiak ere lagundu zuenez, «orain arteko Bertizaranako Enduro probarik politena eta borobilena izan zen».

Lasterketaren ondotik, antolatzaile, motor gidari eta lagun talde eder bat, Donezteben bildu zen bazkaltzeko, giro ederrean egunari bukaera ederra emanez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun