Narbarteko Herriko Ostatua berritzeko bidea hasi du kontzejuak

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 2a

Narbarteko Herriko Ostatua gaur egun. Argazkiak: Egoitz Gamio.

Bi proposamen aurkeztu dituzte eta obrak bortz bat hilabete iraunen duela aurreikusi du Narbarteko Kontzejuak.

Herriko ostatua berritu nahi du Narbarteko Kontzejuak, eta horretarako prozedura hasia du. Joan den hilabete hondarrean obra egiteko lizitaziorako deialdia egin zuen, eta apirilaren 10ean akitu zen proposamenak aurkezteko epea.

Lizitaziorako prezioa 112.190,64 eurotan (BEZa barnean) zehaztu zuen kontzejuak, eta deialdiari erantzunez, bi proposamen aurkeztu zituzten. Hala baieztatu dio Egoitz Gamio Narbarteko alkateak TTIPI-TTAPAri. Obrak noiz hasiko dituzten zehaztua ez badute ere, «ahalik eta agudoen» ekin nahi diote lanari. Bortz bat hilabetez akituko dituztela aurreikusi dute. 

Itxuraldatzeko intentzioa

Kontzejuaren Etxeko beheitiko solairuan dago Narbarteko Herriko Ostatua, eta bertzeak bertze, sarbidea, efizientzia energetikoa, sukaldea eta segurtasuna hobetu eta egokitu nahi dituzte.

Alde batetik, gaur egun mugikortasun arazoak dituztenendako oztopo diren eskailerak kendu nahi dituzte. Ez hori bakarrik. Komunak ere ez dira egokituak, eta hori ere moldatu nahi dute. 

Bertzetik, egungo gas galdara zaharra kendu, eta horren partez, aerotermia sistema paratzekoak dira. Horrez gain, sukaldea ere berritzeko intentzioa dute, tresna berriak paratuz, «oraingoek 30 urte baino gehiago dituztelako eta energia kontsumo handia». Sukaldean bertan, suteen kontrako segurtasuna ere hobetzekoa dute, lokalaren egituraren zati handiena egurrezkoa baita. 

Barreneko banaketa ere aldatuko dute. Sartu eta eskuin aldera komuna eginen dute (gaur egun hutsik dagoen eremua da); sartu eta parez pare, orain arte bezala, ostatu-jatetxea izanen da, baina zabalagoa izanen da; barra hondoan ezkerraldera lekualdatuko dute, eta gaur egun komunak eta sukaldea dauden tokian sukaldea paratuko dute. Ondoan biltegi ttiki bat izanen du. 

Aspaldixkoan itxia dago Narbarteko Herriko Ostatua, eta obra egitea erabaki du kontzejuak. Gisa horretara, ostatuari balioa eman nahi dio, «etorkizunean erosotasun, segurtasun, jasangarritasun eta irisgarritasun baldintza egokiekin funtzionatu dezan». Hori «nahitaezkoa» iruditzen zaie kontzejukoei «laguntza publikoak lortzeko eta herritarrei zerbitzu hobea emateko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun