«Gazteak gelditzen ez badira, Oieregi oporretarako herri bihurtzen ahal da»

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 29a

Jose Jabier Nosellas Erreparatzeko Zubian. Aitortu duenez, «argazkilaritza, mendia eta baratzea» ditu pasio.

Jose Jabier NOSELLAS ZABALEGI, Oieregiko alkatea

2008an hartu zuen Oieregiko alkate kargua, eta hortxe segitzen du. Herriko martxaz aritu da, eta Erreparatzeko Zubian udan eta Aste Santuan izaten dituzten «buruhausteak» ere aipatu ditu.

Sortzez Belauntzakoa (Tolosaldea, Gipuzkoa) da Jose Jabier Nosellas Zabalegi, baina bizi erdia baino gehiago darama Oieregin. Lanak hurbildu zuen Bertizaranara, «Legasako fabrika berritu behar zutela eta, lanera etorri nintzen, eta orduan ezagutu nuen gaur egun nire emaztea dena». Bertan osatu du habia eta 1995etik Oieregi du bizileku. Biztanleriari erreparatuz, eskualdeko herririk ttikiena da. «Erroldatuak 55-60 bat» izanen direla dio, baina eskuekin, banaka-banaka, kontatu ditu bertan bizi direnak: «Eguneroko bizitza hemen egiten dugunak hogei bat izanen gara». Erreparatzeko Zubian hitzordua eginda, herriko martxaz aritu da solasean TTIPI-TTAPArekin. Aurten hemezortzi urte beteko ditu kontzejuko alkate. 

Zergatik aurkeztu zinen alkate? 

Hemen bertzerik ez dagoelako. 2008an sartu nintzen, eta nire aitzinetik egon zenak, Alejo Mindegiak, lau edo zortzi urte egin zituen. Lehenagotik Jose Mari Galarregi hogei urtez izan zen alkate, eta aitzinetik Joxe Braña izan zen. 

Nork osatzen duzue Oieregiko Kontzejuko lantaldea? 

Biztanle kopuruaren arabera, kontzejuen antolaketa diferentea da. 50 biztanle baino guttiago direnean, kontzeju irekia izaten da, hau da, batzar bat egin eta idazkaria eta alkatea izendatzen dira. 50 biztanletik goitiko kasuetan, berriz,  kontzeju itxia da, eta alkatea eta lau bokal aukeratzen dira. 2023ko hauteskundeetan, Oieregin 50 biztanle baino guttiago ginenez, kontzeju irekia dugu gaur egun, ni alkate eta Juana Paula Galañena idazkari. Edozein moduz, heldu den urtean, hauteskundeak egiterakoan, 50 urte baino gehiago baldin bagara, kontzeju itxia osatu beharko genuke. Horrek jende gehiago eskatzen du.

«Utziko bagenu, dena udalaren esku geldituko litzateke»

Taldea osatzea zaila izaten da? 

Ez dugu aukera handirik... Utziko bagenu, dena udalaren esku geldituko litzateke, eta Bertizaranako Udalak hartuko lituzke gaur egun kontzejuarenak diren eskumenak.

Eta zein dira kontzejuaren eskumen horiek? 

Ura, argia, egur loteak eta obra ttiki batzuk. Obra handiak direnean, udalaren esku edo dirulaguntzen menpe gelditzen gara. 20.000 bat euroko aurrekontua izaten dugu, eta horietatik erdia gutti goiti-beheiti Nafarroako Gobernuko Toki Inbertsio Planaren Determinazio Libreko Programatik bideratzen digute. Gainerakoa gure diru sarreretatik heldu da. 

Nolako harremana duzue udalarekin? 

Ona. Batzuetan tiraka ari behar izaten dugu, baina ongi moldatzen gara. Orain ere baditugu proiektu batzuk udalarekin elkarlanean. Baserri bide bat berritu beharra dugu eta udalak baiezkoa errana digu.  

2008an hartu zenuen kargua. Orain artekoaz ze balorazio eginen zenuke? 

Ona. Egun onak eta loa kendu didaten egun txarrak izan ditut, baina jendearekin ez dut problemarik izan. Urte aunitzetan buruhauste handiena herriko urak eman dit. Ubon aldetik ekartzen dugu ura,  bai herrirako, baita Bertizko Natur Parkerako ere, baina instalazioa zaharkitua gelditu da. Obrak egin izan ditugu, baina beti zerbait izaten genuen, ihesen bat ez bazen, bertze zerbait. Bertzalde, bere garaian araztegi bat egin zuten Narbarte, Legasa, Oronoz eta Oieregirendako, baina Oieregin ez genuen erabiltzen. Obra ttiki bat egitea baino ez zuen behar erabiltzen hasteko, eta duela bi urte, bertzearekin arazoak izaten genituela ikusita, egitea erabaki genuen. Gaur egun ez dugu arazorik urarekin.   

Biztanleria beheiti doa...  

Bai, eta gainera, gazte gutti  daude herrian eta azken haurra orain dela lauzpabortz urte sortua da. Duela hogei bat urte, boom gisako bat izan zen, hiru familiatan izan genituen umeak, eta hori aunitz da Oiregirako. Baina geroztik beheiti egin du. Arrunt herri lasaia eta polita da, baina neguan, ez bagara Elizondora, Doneztebera edo inguruko bertze herriren batera joaten, hemen ez dago deus. 

Ze etorkizun ikusten diozu herriari? 

Etxebizitzak egiten ari dira, eta horrek itxaropena ematen du. Horretaz gain, lanbide eskola berria hurbil izanen dugunez, nik uste horrekin herria mugituko dela. Baina gainerakoan, gazteak ez badira gelditzen, asteburuetako edo oporretarako herri bihurtzeko arriskua du.

Ikastetxeak, medikua, dendak... Herrian eskura ez dituzuen zerbitzuen bila, nora jotzen duzue? 

Medikuaren kontsultategira, Doneztebera edo Mugairira joateko aukera dugu, eta gure kasuan, Mugairira gehiago jotzen dugu. Erosketak egiteko, berriz, normalean, Doneztebera edo Elizondora joaten gara. Eskolaren kasuan, lehengoak Oronozera edo Narbartera joaten ziren, baina azken urteotan gehienak Oronozera joan izan dira. Gerora, ikastera eta lanera Iruñera jo izan dute herriko gazteek. Bertzalde, ospakizun handirik ez dugu egiten, baina sanjoanetan herriko bestak ospatzeko afari-merienda egiten dugu herritarrok plazan. 

«Jendeak jakin behar du Bertiz Parkea Oieregi dela, ez Baztan»

Bertizko Natur Parkea Oieregiko lurretan duzue. Ze ekarpen egiten dio Oieregiko herriari? 

Parke naturala Oieregiko lurretan dago, baina Nafarroako Gobernuak kudeatzen du. Hala ere, obra guziak gure eskuetatik pasatzen dira. Obraren arabera, udalak kobratzen duen kopurutik pixka bat etortzen zaigu; bertzerik ez.

Eta buruhausterik izaten duzue? 

Turistekin buruhausterik handiena hau Bertizarana dela ez jakiteak ematen dit. Kanpoko jendearendako hau dena Baztan da, eta ez, hau Bertizarana da. Bertizko Natur Parkera sartzeko zubia Baztanen dago, baina hortik aitzinerakoa Oieregiko herrian dago, Bertizaranan bailaran. Hori jendeak eta komunikabideek jakin eta  errespetatu behar dute. 

Nosellas Erreparatzeko Zubia gibelean duela. 

Turista aunitz biltzen diren tokia da Bertiz. Nolako turismoa izaten da? 

Ez dugu problema handirik izaten. Ditugun arazoak, batez ere, Erreparatzeko Zubian izaten ditugu, baina ez kanpokoekin bakarrik, baita inguruko herrietakoekin ere. Udan eta eguraldi ona baldin bada Aste Santuan, hamabortz metroko altuera duen zubitik salto egitera etortzen dira gazteak eta hain gazteak ez direnak. Arrunt arriskutsua da, aldrebes paratutako piramide baten forma du putzuak, eta puntu bakarra dago saltoa egiteko. Lau metroko edo lau metro eta erdiko sakonera bertzerik ez du eta batzuek hankekin jotzen dute. Aunitzetan erran izan dut arriskutsua dela, saltsa handiak izan ditut horregatik, eta ordenantza bat ere onartu genuen, saltatzea debekatuz. Seinalea ere paratua da, baina jendeak ez dio kasurik egiten. Ni ikusten banaute kieto, eta ni joan orduko salto. Egunen batean zerbait pasatuko da eta orduan izanen dira kontuak. 

«Erreparatzeko Zubitik saltatzea debekatua dago, baina...»

Aspaldiko arazoa duzue? 

Lehen ere etortzen zen jendea Erreparatzeko Zubi ingurura, baina pandemiaz geroztik, ikaragarria izan da. Jendea aulkiekin, musika aditzeko ekipoekin... etortzen da. Eta kotxeekin ere arazoak izaten ditugu, jendeak nonahi uzten duelako. Gehienez, sei bat kotxe sartuko dira, baina ikusi egin behar izaten da nola betetzen den, kotxeak han eta hemen; bidea trabatuz, zubiraino sartuak pasoko tokia dela kontuan hartu gabe, aparkatu ezin den tokietan kotxeak utziz... Bertizen aparkatzen ahal lukete, eta handik paseo polit bat emanez honat etorri, baina ez, kotxean bertaraino. Jendeak errespetatzen ez duela ikusita, aurten neurriak hartzeko asmoa dugu. Zubian jardinera batzuk paratuko ditugu, kateak bertze toki batzuetan... Hori alde batera utzita, herrian denok elkar ezagutzen dugu eta lasai eta ederki bizi gara.  

Akitzeko, euskararen egoera zein da Oieregin? 

Euskara eta gaztelania biak ibiltzen dira, baina gaztelania gehiago aditzen da. Pena da, baina jendeak erdaraz aritzeko joera handiagoa du. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun