Legasako lantegiko langileen etorkizuna zein izanen den argitzeko eskatu du LABek

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 18a

Legasako lantegia ez ixteko eskatuz mobilizazio ugari egin dituzte.

ARCELOR AMDS enpresak eta UGT sindikatuak uztailean adostutako enplegua erregulatzeko espedienteak zehazten du abenduaren 31 dela prozedura eta kontratuak eteteko azken eguna. Urtea amaitzeko hamahiru egunen faltan, LAB sindikatuak salatu du «enpresa batzordeak eta zuzendaritzak ez dutela akordioaren inguruko inongo zehaztapen gehiagorik eman».

ARCELOR AMDS enpresako zuzendaritzak apirilean jakinarazi zuen lehenbiziko aldiz Legasako lantegia ixteko asmoa zuela. Uztailean sinatu zuen UGT sindikatuarekin enplegua erregulatzeko espedientea ahalbidetuko zuen akordioa.  LABek hasieratik egin du akordio horren aurka eta salatu du erabakia «lantegiko langileekin inolako asanblearik egin gabe eta aldebakarrez» hartu zutela. 

Akordioa sinatu zen momentutik enpresarekin zegoen hartu eman oro eten dela azpimarratu du LABek: «Enpresa batzordeak eta zuzendaritzak ez dute akordioaren inguruko inongo zehaztapen gehiagorik eman». Enplegua erregulatzeko espedientean prozedurarako eta langileen kontratuak eteteko epemuga abenduaren 31a izanen dela zehaztuta badago ere, «gaur gaurkoz bertako langileon etorkizuna zein izanen den jakin gabe» jarraitzen dutela salatu dute. Akordioan langileen irteera batzuk aipatu eta birkokatzeei buruz aipamen batzuk egiten dira, informazio zehatzik ez dutela nabarmendu dute: «Ez baitakigu ez zein langile birkokatuko dituzten ezta non ere. Are gehiago, ez dakigu planteatutako irteera eta birkokatzeak noiz gauzatuko dituzten».

Horrek, beraien ustetan, bertako langileen egoera «are prekarioagoa» izatea ahalbidetzen du: «Itxiera prozesu baten parte izateaz gain, itxiera prozesua bera nolakoa izanen den ere ez delako argitzen, langile ororen bizi baldintzen kalterako».
 
Arcelor AMDS enpresa izaten ari den «jarrera gogorra» salatu nahi dute, «itxiera prozesua abian jartzeaz gain bertako langileen etorkizuna argitzeko inolako pausurik ematen ari ez delako». Gainera, egoera honen aitzinean enpresa batzordeko sindikatuak, UGT eta ELA, izaten ari diren «utzikeria» mahai gaineratu nahi dutela diote, «egoera argitzeko inolako iniziatibarik ez baitira izaten ari».

Enpresa eta ordezkaritza sindikala interpelatu nahi dituzte,  bakoitzak duen arduratik, prozedura guzti honen zehaztapenak argitzeko eta lantegiko langileak informatzeko: «LABetik ezinbertzekoa ikusten dugu ezjakintasun egoera honi bukaera eman eta lantegiko langileen etorkizuna zein izango den zehaztuko duen bide orria argitu dezaten».

Ordezkaritzarik ez eduki arren,  langile batzuk «ezinegona adieraziz» hurbildu omen dira sindikatura eta LABetik «kezkaz» bizi dugu bertako afiliatu zein langileek bizi duten egoera: «Argi dugu bukaera arte soka tenkatzea bertzerik ez zaigula geratzen». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun