[ARGAZKIAK] Malerrekako jubiloteken topaketa egin dute Narbarten

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 17a

Abenduaren 16an egin zuten hitzordua eta Malerrekako sei jubiloteketako 48 kidek elkarrekin pasa zuten goiza. Hiru bat ordutan denetarako tartea izan zuten: kantuak, bingoa, gosaria, zozketak… 

Duela sei bat urte hasi ziren Malerrekako jubiloteken topaketa antolatzen eta urtero, herri batek hartzen du ardura. Narbarten iaz jarri zuten martxan jubiloteka zerbitzua eta gogotsu hartu zuten antolatzaileek egindako proposamena: «berehala erran zuten baietz».
Sei jubiloteka daude Malerrekan eta 48 jubilatu elkartu ziren Narbarteko herriko ostatuan goizeko hamarrak aldera. Horietaz gain, udal ordezkariek,  urtetan jubilotekako arduraduna izan den Ramonik, gaur egungo arduraduna den Amaiak, Transforma enpresako ordezkariek eta gizarte langileak ere parte hartu zuten; denera, 60 bat lagun. 
Goiza kantuan hasi zuten eta ondotik, bingoan aritu ziren eta irabazlea Sunbillako Estefani izan zen. Transforma enpresaren eskutik, bidezko merkataritzako produktuekin osatutako zare bat izan zen saria. Gero, Narbarteko Udalak gosaria eman zien parte hartzaile guztiei. Bukatzeko, Elgorriagako bainuetxeak eta Doneztebeko Merkatariek emandako bederatzi opari zozketatu zituzten. Bide batez, eskerrak eman nahi izan dizkiete beraien laguntza eskaini zuten guztiei.
Jubilotekan izan zirenek, aipatu dute oso gustura pasa zutela goiza eta dagoeneko ekainean elkarrekin egin behar duten irteeran pentsatzen hasiak direla.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun