Eguberri aitzineko lehenbiziko hitzordua ortzirale honetan eginen dute Legasako neska-mutikoek, 16:00etan, Bertizera joanen dira Olentzerori eskutitzak ematera. Orduan ikusiko dute Eguberrietako protagonistetako bat lehenbiziko aldiz. Hurrengo hitzordua abenduaren 24an antolatu dute. Egun horretan, 17:00etan, kalejira eginen dute trikitilariekin eta 18:00etan merienda frontoian. Indarrak hartu ondotik, Olentzerori eta Mari Domingiri harrera eginen diete eta herriko dantzariek Aurreskua dantzatuko diete. Eguneko ekitaldiak borobiltzeko, kantak kantari ariko dira.
Narbarten ere eguberrietako prestaketekin ari dira. Abenduaren 6an paratu zuten pinua, hilaren 12an Eguberrietako kantak entseatzen aritzekoak ziren eta Mari Domingiren bisita ere izan dute.
Ortzirale honetan, abenduaren 19an, Eguberrietako jaialdia izanen dute Arotzenea eskolan, eta hilaren 24an eta 25ean ere, ez dira etxean geldituko. Abenduaren 24an Olentzero hurbilduko zaie eta abenduaren 25ean jaiotza biziduna eginen dute elizan.