Nor dugu Begoña Bertiz Arrastio?
Narbarten sortu, hazi eta bizi den 38 urteko ama eta irakasle euskalduna.
Ikasle edo irakasle. Zer duzu nahiago?
Irakasle. Ttikitatik amesten nuen irakasle izatearekin.
Irakasle ona edo guraso ona izatea. Zer da zailena?
Uf… Gaur egun, gizartearen begietara, biak arrunt zailak direla erranen nuke. Hala ere, niretako ama izatea zailagoa da; amatasunak ez du oporrik. [Kar-kar].
Bi urtez Narbarteko haurrekin antzerki emanaldiak prestatu dituzu. Nolatan hasi zinen?
Irakasle lanetik kanpo nintzela, eta haurrekin zerbait egiteko gogoz, herriko haurrekin antzerki emanaldiak prestatzea pentsatu nuen. Balorazio hagitz positiboa izan da. Herrian segida izatea gustatuko litzaidake, nirekin ez bada bertze norbaitekin.
Zer onura ditu antzerkiak haurrendako?
Antzerkiak haurrengan onura aunitz ditu: hizkuntzaren lanketa, komunikazioa, memoria, emozioen kontrola… Gure kasuan, onurarik handiena lagunarteko dibertsioa eta haurtzaroko oroitzapen polit bat sortzea izan direla erranen nuke.
Akordeoia jotzeko tarterik hartzen duzu?
Zortzi-bederatzi urterekin hasi nintzen akordeoia jotzen, herrian bertan, eta 16 urtera arte ibili nintzen. Gaur egun, inauterietan, Eguberrietan eta gutti gehiago jotzen dut.
Gustatzen zaizun musika estilo bat? Eta batere gustatzen ez zaizuna?
Estilo bat baino gehiago, euskaraz den edozein musika klase gustura aditzen dut. Momentuaren arabera ez nuke musikarik baztertuko.
Zure herriko tokirik gustukoena?
Gure etxetik Erreparatzeko zubiraino doan bidea.
Zer du zure herriak bertze herriek ez dutena? Eta falta?
Narbartek egunero irekia dagoen denda zerbitzu bikaina du, baina ostatua martxan paratuko duen norbait falta du.
Eskatzen hasita, zer eskatuko zenuke?
Eskatzen hasita, gauza aunitz eskatuko nituzke: frontoi bat, aparkaleku herrikoi bat, eskolako haurren jangela berritzea…
Zerk egiten zaitu zoriontsu?
Epe motzerako proiektuak izateak eta horiek betetzean sortzen den asebetetzeak. Baita nire hurbilekoen ongizateak ere.