Oharrean diotenez, irailaren 29ko goizaldean herrian barrena bueltaka argiak itzalita furgoneta bat zebilela eta, herritarren alerta dei bat hartu zuen Foruzaingoak. Deiaren ondorioz patruila bat mobilizatu zuten Legasara eta deskribatutako azalpenekin bat egiten zuen furgoneta ikusi zuten aparkatua, barnean gizon bat zuela. Furgoneta miatzerakoan, maindire batzuekin tapatuta, kobrezko/metalezko kableak eta industrian erabiltzeko pletinak aurkitu zituzten. Oharrean diotenez, «gidariak ez zuen modu koherentean azaltzerik lortu material horien nondik norakoa».
Jarduketa horrekin batera, «Legasan dagoen enpresa batean kable kopuru handia eta pletina ugari lapurtu izanaren abisua» hartu zuten Foruzaingoan. Salatutako materiala furgonetan agertutakoarekin bat zetorrenez, foruzainek gizona atxilotu zuten, «indarra erabiliz lapurreta egitea» egotzita.
Oharrean azaltzen dutenez, goiz hartan bertan «herritarren deien ondorioz berriz ere, Legasako hilerri inguruan eta lapurretarekin zerikusia izan zezaketen bi pertsona zebiltzala» dioen abisua. Elizondoko polizia etxeko bi patruila bertaratu ziren, eta «bi gizon korrika ihes egiten ikusi zituzten. Atzeman zituztenean, «agenteek hainbat tresna, eskularru eta kaputxa konfiskatu» zizkieten. «Enpresaren barnean indarra erabiliz lapurtzea egotzita» bi pertsona horiek ere atxilotu egin zituzten. Foruzaingoaren oharrak zehazten duenez, atxilotutako hiru pertsonen artean, «50 aurrekari inguru dituzte antzeko delituengatik Nafarroako zenbait herritan, eta, beraz, «talde ibiltari bat izanen litzateke».
Lapurreta jasan duen enpresako arduradunek salatu dutenez, «kalte materialari gehitu egin behar zaio lapurretaren ondorioz, enpresa ez zela operatibo egon zenbait egune , eta, hortaz, eguneko 200.000 euro inguruko galerak izan zituztela».
Foruzaingoaren Brigada Judizialeko agenteek epaitegiaren esku utzi dituzte hiru atxilotuak.