Ate Irekien jardunaldia izanen dute larunbatean Bertizko Parke Naturalean

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 26a

Larunbat arratsaldean bisita gidatua eginen dute Bertizko Parke Naturaleko Lorategi Historiko-Artistikoa ezagutzeko.

Bisita gidatuak, eskulangileen azoka eta pintura tailerra antolatu ditu Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak.

Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak ate irekien jardunaldia antolatu du irailaren 27an Bertiz Jaurerriko Parke Naturala ezagutzeko. Egitarauak Bertiz ezagutzeko eta gozatzeko aukera ematen duten hainbat ekintza hartuko ditu, larunbatean 11:00etatik 17:30era. Guztiak doakoak dira, baina aldez aurretik izena eman behar da cinberti@navarra.es helbidean edo 948 59 24 21 telefonora deituz. 

Egitaraua

Jardunaldia irailaren 27an, larunbatean hasiko da, 11:00etatikl 14:00etara irekita egonen den tokiko artisautza azokarekin. Argitxu Elkartearekin lankidetzan antolatutako azoka Parke Naturaleko piknik-gunean eginen dute eta tokiko hainbat eskulangileren postuak izanen ditu: pastak, kosmetika, gaztak, eztia, bitxigintza, loreontziak, motxilak edo makramea.

Horrez gain, Bertizko Jauregiaren barreneko aldean bisita gidatua eskainiko dute, arkitektura eta beirateak bezalako elementurik bereizgarrienak ezagutu eta interpretatzeko. Bi emanaldi izanen dituzte: bata gaztelaniaz, 11:00etan, eta bertzea euskaraz, 12:30ean.

Bertzalde, 12:00etan, zianotipia tailer artistiko bat izanen dute, eta Ines Aba ilustratzaileak pinturaren teknika hori ezagutaraziko du, landareak, loreak eta eguzkiaren argia erabiliz.

Eta, azkenik, 16:00etan, bisita gidatua eginen dute Parke Naturaleko Lorategi Historiko-Artistikoan sakontzeko, bertako elementu adierazgarrienak ezagutaraziz. Bisita honek Jauregiko sarrera ere hartzen du eta gazteleraz eginen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun