Abuztuaren 27tik 31ra hainbertze ekitaldi izan zituzten Legasako bestetan. Lehenbiziko egunean, Bertiz Abentura Parkera egindako ateraldiarekin hasi zituzten bestak, nahiz eta txupinazoa ilunabarrean bota zuten. Arratsaldean, frontenis txapelketako finala izan zuten eta arrakasta handia izan zuen, jende aunitz hurbildu baitzen partidua ikustera. Ez hain gaztetxoek gogor borrokatu bazuten ere, diferentzia gutirekin gaztetxoek irabaztea lortu zuten. Ondotik, herriko gazteei protagonismoa eman nahian, beraiek bota zuten txupinazoa.
Dantza luzea ere momentu polita izan zen. Urte luzez dantza galdua izan ondotik, duela 25 bat urte berreskuratu zuten, baina alde batera gelditu zen. Aurten berriz egin dute berreskuratzeko eginahala eta egindako lana bestetan erakutsi zuten jende aitzinean. Hamaika bikote aritu ziren dantzan eta saio ederra eskaini zuten. Ez zen bestetako dantza saio bakarra izan. Herriko dantzari gaztetxoek bandera dantza egin zuten eta Doneztebeko dantzari gaztetxoek ere beraien emanaldia egin zuten.
Mus txapelketan, bertzalde, 25 bikotek parte hartu zuten, eta hori ere arrakastatsua izan zen, inoiz baino bikote gehiagok eman baitzuten izena.
Larunbateko herri bazkarian, berriz, 149 lagun bildu ziren eta eguraldia lagun, giro ederra izan zuten. Arratsean ere ondoko herrietatik bisitari aunitz hurbildu ziren eta plaza ederki bete zen.
Igande goizean, ordea, bestaren alderdi iluna ikusi zuten legasarrek. Kontatu dutenez, «kotxeetako ispiluak hautsiak eta loreontziak, loreak, aulkiak , komunak... xehatuak» agertu ziren. «Pena, larunbateko giro politaren ondotik, igandean horrela ernatzea», erran dute.
Akitzeko, igande arratsaldean, bingo saioa izan zuten. Eguraldi txarra izan arren, karpa azpian herritar kuadrillatxo bat elkartu ziren. Bertze urteetan bezala, zezensuzkoarekin eman zieten legasarrek akabaila bestei.