Ars Naturae – Natura artis erakusketa ikusteko hondarreko egunak dira Bertizen

Ttipi-Ttapa 2025eko abuztuaren 26a

Rebeca Esnaola kontseilaria, Variopintas kolektiboko zenbait emakumerekin, Bertizen. Erakusketa ireki zuten asteartean eta abuztuaren 31 arte zabalik izanen da.

Arteak eta naturak bat egiten dute Bertizko Parke Naturaleko Lorategi Botanikoan zortzi emakume artista biltzen dituen erakusketa-proposamen berezi batean. Ars Naturae - Natura artis izenburupean, erakusketa kolektibo hau artearen jatorri, bultzada eta materia den aldetik naturarekiko errespetu eta lilura adierazpen bat da. Kultur 2025 programaren barrenean sartzen da erakusketa eta Bertizko lorategi historiko-artistikoan abuztuaren 31ra arte ikusgai dago.

Zortzi ikuspegi

Zortzi emakumek (Leire Olkotz, Idoia Iribertegui, Berta Suescun, Similarte Estudioko Mila Garcia, Tea en la azoteako Gabriela Barrio, Itziar Goñi, Rebecca Gil eta Concha Pasamar) osatzen duten Variopintas kolektibo artistikoak Ars Naturae – Natura Artis proposamena aurkeztu du, lengoaiak eta begiradak nahasiz egina. Naturarekiko errespetuaren aitorpena da, artearen jatorri, bultzada eta materia gisa. Natura hori behatu eta eraldatu ahal izanen da ('ars naturae'), baina, era berean, bakoitzaren sortzeko moduaren barne-isla moduan ulertuko da ('natura artis').

Zortzi begirada horiek, bakoitzak bere izaeraren arabera, naturaren edertasuna arakatzen, harritzen, berrinterpretatzen edo birsortzen dute, bakoitza bere hizkuntza, teknika eta begirada anitzekin, kontakizun komun batek uztartuta: ipuin itxurako sekuentzia narratibo bat, ibilbidean zehar hari eroale gisa erabiliko dena. Bukaeran, maleta bat egonen da bisitariaren zain, orri zuriekin batera, publikoak arte-proposamenean interakzioa izan dezan eta hartan parte har dezan; hala, ahozko eta literaturako diskurtsoa ikusizko diskurtsoarekin integratuko da.

Erakusketa 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara bisitatzeko aukera izanen da.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun