'Bertizko lorategia' pop up txartela sortzeko tailerra eginen dute larunbatean Bertizen

Ttipi-Ttapa 2025eko abuztuaren 7a

Orekitzerakoan hiru dimentsioko istorio bat kontatuko duen txartelak diseinatuko dituzte Bertizen.

'Bertizko lorategia' pop up txartela izeneko tailerra eginen dute Bertizko lorategi historikoan abuztuaren 9an, larunbatean 11:30etik 13:00etara, «paperarekin, koloreekin, aizturrekin… esperimentatzeko eta irudimen handia» duten zazpi urtetik goitiko haurrei zuzendua. Ez da beharrezkoa aitzinetik esperientzia izatea.

 

Zazpi urtetik goitiko haurrei zuzendua, 11:30etik 13:00etara eginen dute lorategian.

Bertizko Lorategi zoragarriaren inguruan sortzeko, imajinatzeko eta jolasteko eguna izanen da, txartel bat diseinatu eta irekitzerakoan hiru dimentsioko istorio bat kontatuko duena. Haur bakoitzak bere sormena askatu eta bere pop-up txartela egin ahal izanen du, ipuinetako ingurune batean: Bertizko Lorategi Historiko-Artistikoa.

Irekitzean eszena txiki magiko bilakatuko den txartel bat sortzen ikasiko dute pausoz pauso. Ernetzen diren loreak, agurtzen duten pertsonaiak, agertzen diren animaliak… Tolesteko eta ebakitzeko teknika errazak erabiliko dituzte eta irudimena aske utziko dute txartel bakoitza marrazkiekin, koloreekin eta mezuekin pertsonalizatzeko. Haur bakoitzak bere pop-up txartela eramanen du, artez, naturaz eta fantasiaz betetako egun baten oroigarri gisa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun