Beirate modernista sortzeko tailerra eginen dute larunbatean Bertizen

Ttipi-Ttapa 2025eko uztailaren 24a

Sei urtetik goitiko haurrei zuzendua, 11:30etik 13:00etara eginen dute lorategian.

Argi-koloreak: sortu zure beirate modernista izeneko tailerra eginen dute Bertizko lorategi historikoan uztailaren 26an, larunbatean 11:30etik 13:00etara, «jakin mina, irudimena eta artearekin modu dibertigarri eta sentsorialean esperimentatzeko gogoa» duten sei urtetik goitiko haurrei zuzendua.

 

Mugimendu modernistaren beirate koloretsuetan inspiratuko dira, forma organikoz, kurba leunez, lorez, naturaz eta argiz beteak. Paper zeharrargia, kartoi meheak, errotulagailuak eta materiak arras bereziak erabilita, haur bakoitzak bere beiratea diseinatu ahal izanen du, XX. mendearen hasierako jauregi eta lorategi zaharretan argia aldatzen zuten beiraren efektuak eta kolorea simulatuz.

Leihoan zintzilikatzeko pieza artistikoa sortuko dute, eta eguzkiarekin kontaktuan jartzean, argi eta kolore leherketa bilakatuko da. Munduari bertze begi batzuekin begiratzeko esperientzia izanen da, artista modernista batek eginen lukeen bezala.

Haur bakoitzak bere “paperezko beiratea” eramanen du, artez, historiaz eta naturaz betetako egun baten oroigarri gisa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun