Legasako lantegia ixteko bertze prozedura bat paratu du martxan Arcelor Mittalek

Ttipi-Ttapa 2025ko uzt. 18a, 14:22

Maiatzean manifestazioa egin zuten lantegia ez ixteko eskatuz.

Legasako langile guziei eraginen liokeen enplegua erregulatzeko espedientea aurkeztu du.

Enpresako zuzendaritzak apirilean jakinarazi zuen lehenbiziko aldiz Legasako lantegia ixteko asmoa zuela. Aldi hartan, Legasan duen lantegiko produkzio guzia Agurainera (Araba) eraman nahi zuela erran zuen, eta bi lantegietan, Legasakoan eta Aguraingoan, 40 lagun kanpora botako zituela (33 Legasatik). Duela aste pare bat, ordea, alde batera utzi zuen enplegua erregulatzeko espediente hori. Eta orain bertze bat aurkeztu du, Legasako lantegiari bakarrik eraginen liokeen prozesua abiaraziz. Legasako lantegiko 42 langileei eraginen lioke espediente honek, hau da, langile guziei.

Lantegian ordezkaritzarik ez duen arren, LAB sindikatuak eman dio berria TTIPI-TTAPAri, eta gogor salatu du enpresaren jarrera: «Gure ustez Arcelorrek badu nahiko gaitasun eskualdean lanpostuak mantendu eta kaleratzerik ez egiteko». Gaineratu duenez, «aitzineko negoziaketan ikusi dugun moduan, enpresak langile batzuen irteerak osatzeko proposamenak jarri zituen mahai gainean, birkokatzeei eta bertzelako kontuei behar bezala erreparatu gabe, hemengo lantokiari eta bertako langileei irtenbide duinik eman gabe».

Horrekin batera, honela adierazi du: «Ez dugu eskualdeko lanpostuak suntsituko dituen inolako proposamenik ontzat hartuko. Eskualdean lan eta bizitzeko eskubidearen defentsaren alde segituko dugu».

Legasako lantegiko enplegua erregulatzeko espedientearen harira, gaur osatu dute batzorde negoziatzailea, eta langileen ordezkariak gaur goizean Berriobeitin biltzekoak ziren zuzendaritzarekin. Kontsulta epea akitu arte, asteazkenero eginen dituzte bilerak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun