Arteak eta naturak bat egiten dute Bertizko Parke Naturaleko Lorategi Botanikoan zortzi emakume artista bilduko dituen erakusketa-proposamen berezi batean. Ars Naturae - Natura artis izenburupean, erakusketa kolektibo hau artearen jatorri, bultzada eta materia den aldetik naturarekiko errespetu eta lilura adierazpen bat da. Rebeca Esnaola, Nafarroako Gobernuko Kultura, Turismo eta Kirol kontseilariak astearte goizean bisitatu zuen Kultur 2025 programaren barrenean sartzen den erakusketa. Bertizko lorategi historiko-artistikoan abuztuaren 31ra arte ikusi ahal izanen da.
Esnaola kontseilariak adierazi zuen bezala, «Kultur programaren ezaugarri nagusiak dira lurraldean egotea, tokiko talentuaren aldeko apustua egitea eta emakumea artearen munduan ikusgai egitea». Zentzu horretan, «Kultur Zuzendaritza Nagusiaren programetatik lurraldeari gehien atxikita dagoenetako bat» dela azpimarratu zuen. «Nafarroa zeharkatzen du, ikusi dugun bezala, iparraldetik hegoaldera, ekialdetik mendebaldera arte eszenikoen eta musikalen askotariko proposamenekin».
Zortzi ikuspegi
Zortzi emakumek (Leire Olkotz, Idoia Iribertegui, Berta Suescun, Similarte Estudioko Mila Garcia, Tea en la azoteako Gabriela Barrio, Itziar Goñi, Rebecca Gil eta Concha Pasamar) osatzen duten Variopintas kolektibo artistikoak Ars Naturae – Natura Artis proposamena aurkeztuko du, lengoaiak eta begiradak nahasiz egina. Naturarekiko errespetuaren aitorpena da, artearen jatorri, bultzada eta materia gisa. Natura hori behatu eta eraldatu ahal izanen da ('ars naturae'), baina, era berean, bakoitzaren sortzeko moduaren barne-isla moduan ulertuko da ('natura artis').
Zortzi begirada horiek, bakoitzak bere izaeraren arabera, naturaren edertasuna arakatzen, harritzen, berrinterpretatzen edo birsortzen dute, bakoitza bere hizkuntza, teknika eta begirada anitzekin, kontakizun komun batek uztartuta: ipuin itxurako sekuentzia narratibo bat, ibilbidean zehar hari eroale gisa erabiliko dena. Bukaeran, maleta bat egonen da bisitariaren zain, orri zuriekin batera, publikoak arte-proposamenean interakzioa izan dezan eta hartan parte har dezan; hala, ahozko eta literaturako diskurtsoa ikusizko diskurtsoarekin integratuko da.
Erakusketa 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara bisitatzeko aukera izanen da.