Legasako eta Aguraingo (Araba) lantegietan gehiengoa duten sindikatuek (UGT eta ELA) joan den astean iragarri zuten bihartik aitzinera greba mugagabea hasiko zutela, lana erregulatzeko espedientea alde batera uzteko eskatuz eta negoziazioak hasteko helburuarekin. Enplegua erregulatzeko espedientearen kontsulta epea akordiorik gabe akitu zuten ekainaren 23an eta horren ondotik egin zuten greba deialdia.
Gaur, berriz, greba deialdiaren harira Nafarroako Lan Auzitegian ordezkaritza sozialarekin egindako bitartekaritza saioan, enpresako zuzendaritzak erregulazioa alde batera utziko duela erran du.
Zuzendaritzaren iragarpenaren ondotik, UGTk greba deialdia alde batera utzi duela adierazi du. Horrekin batera, zera gaineratu du: «Legasako lantegiari bakarrik eraginen dion bertze erregulazio bat aurkezten badute, langile guzien interesak defendatzen segituko dugu. Lana eta jarduera industriala bermatzeko helburuarekin, ez dugu aukerarik baztertuko».
Apirilean jakinarazi zuen enpresak Legasako eta Aguraingo lantegietan 40 langile kanpora bidali nahi dituela, tartean, Legasako lantegitik 33 langile.