Beortegin, aurten Gazteluko ur saretik Bordaxuri baserrira bitarteko ur sare publikoa egokitu dute. Eta proiektu horri segida eman nahi diote. Kontzejuak 67.000 euro aurreikusi ditu Bordaxuritik Apezeneko bordara bitarteko zatia egiteko.
Frontoian, berriz, itaxurak konpondu nahi dituzte (hoditeria, ateak...) eta lan horiek 100.000 euroko aurrekontua izanen dutela adierazi du Etxartek.
Zeberiko errekako baserrietarako bidearen kasuan, alkateak oroitarazi du, «gaur egun, Zozaian barna bide kaxkarra dutela». Eta horri erantzunez, proiektuan «Legasako mendiko bidetik adar bat» egitea proposatu dute, «Gorosmenetik Uetxetara».
Toki Inbertsioen Planaren 2026-2028 deialdian 100 milioi euro baino gehiago paratuko ditu gobernuak Nafarroako toki entitateen eskura. Urte hasieran ireki zuten deialdian parte hartzeko epea, eta kontzejuak urte bukaeran jakinen du laguntzarik hartuko duen edo ez. Horren arabera garatuko dituzte aipatutako hiru proiektu hauek.