Bertizko Jaurerriak Ingurumenaren Munduko Eguna ospatuko du gaur ate irekien jardunaldiarekin

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 5a, 08:30

Bertizko Jaurerriko parke naturala. Argazkia: Francis Vaquero. Nafarroako Turismoa.

Nafarroako Gobernuko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak antolatutako programazioan, gainera, bisita gidatuak eginen dituzte larunbatean parke naturaleko oihana ezagutzeko.

Bertizko Jaurerriko Parke Naturalak bat eginen du aurten ere ekainaren 5ean ospatzen den Ingurumenaren Munduko Egunarekin eta, ortzegun honetan, ateak irekiko ditu lorategi historiko-artistikoa ezagutu nahi duen ororentzat. Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak antolatu du programazioa, eta, horrez gain, parke naturaleko oihana ezagutzeko doako bisita gidatuak eginen dituzte larunbatean.

Nazio Batuen Erakundeak 1973tik sustatu duen Ingurumenaren Nazioarteko Eguna #PlastikoengatikKutsadurarikGabe lelopean ospatuko da aurten.

Bertizko Jaurerria Natur Parkeak oihanaren ezaugarriak ezagutarazteko hiru jarduera eginen dituzte ekainaren 5ean (ortzeguna) eta 7an (larunbata). Ortzegunean lorategira doan sartu ahal izanen da 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 19:00etara.

Bisita gidatuak larunbatean

Larunbatean bisita gidatuak eginen dituzte 10:00etatik 13:00etara, Eneko Escuderok (Xaraka) zuzenduta. Horietan parte hartzeko ezinbertzekoa izanen da aitzinetik izena ematea cinberti@navarra.es helbide elektronikoaren bitartez edo 948 59 24 21 telefonora deituz.

Horrez gain, larunbat goizean, 11:30etik 14:00etara, Ines Alba artista eta ilustratzaileak gidatuko duen zianotipia tailerra eginen dute, hau da, landareak, loreak eta eguzkia erabiliz margotzea, 17:30etik 19:30era, natura parkeko oihanera interpretazio irteera eginen dute, tokiko ekosistema osatzen duten hainbat hegazti espezie behatzeko, interpretatzeko eta identifikatzeko. Jarduera honetan Juan Ignacio Dean izanen da gidaria.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun