Legasako Arcelor Mittal ez ixteko eskatuz karrikara atera dira herritarrak eta langileak

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 27a, 08:00

Legasako Arcelor Mittaleko lantegia ez ixteko eskatuz eta lan espedientearen kontra, manifestazioa egin zuten larunbatean Legasatik Doneztebera. Bertzalde, bi aldeek kontsulta epea luzatzea erabaki dute.

Lantegian ordezkaritza duten ELA eta UGT sindikatuek egina zuten manifestaziorako deia, baina LABek ere bat egin zuen deialdiarekin. Arcelor Mittal enpresak «etekin ekonomikoak handitzeko industria desegiten duela eta enpleguak suntsitzen dituela» salatu zuten. Manifestazioaren bukaeran, «enplegua erregulatzeko espedientea alde batera uzteko eta Legasako eta Aguraingo lantegien bideragarritasuna eta enpleguari eustea bermatzeko inbertsio plana martxan paratzeko» eskatu zuten.

Legasako eta Aguraingo Arcelor Mittaleko langileez gain, hainbat eta hainbat herritarrek bat egin zuten larunbateko manifestazioarekin.

Kontsulta epea luzatua

Bertzalde, Arcelor Mittalek aurkeztu duen enplegua erregulatzeko espedientearen kontsulta epearen barrenean lau bilera egin dituzte dagoeneko. Eta aldeek, enpresak eta sindikatuek, kontsulta epea luzatzea erabaki dute. ELAren arabera, «zuzendaritza ez dago negoziatzeko prest eta ez du proposamen berririk ekartzen bileretara». Gehiago ere bai, «zuzendaritzak espedientearen arrazoiak justifikatu gabe» segitzen du ELAren ustez, baita «langileak kaleratu eta Legasako lantegia ixteko asmoarekin» ere.

Horrez gain, Nafarroako Gobernuaren jarrera ere kritikatu du ELAk, «bileraren proposamenari ez erantzuteaz gain, UGTrekin bakarrik solas egitea erabaki du, gehiengo sindikala alde batera utzita».

Maiatzaren 21ean egindako elkarretaratzea.

Enplegua erregulatzeko espedientearen hurrengo bilera maiatzaren 28an eginen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!