LABek ere Legasa eta Doneztebeko lotuko dituen manifestazioarekin bat egin du

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 20a, 11:30

Legasako lantegian ordezkaritzarik ez badu ere, gertatzen ari dena «hurbiletik» segitzen ari dela erran du LAB sindikatuak, eta larunbat honetako manifestazioari begira, «eskualdeko enpleguaren defentsan, karrikak hartzeko» deia egin du.

Arcelor Mittal enpresak apirilaren 10ean jakinarazi zuen Legasako lantegia itxi eta produkzio guzia Agurainera (Araba) eraman nahi duela. Bi lantegietan, Legasakoan eta Aguraingoan, 40 lagun bidaltzeko asmoa du, tartean, Legasako lantegitik 33 langile. Enpresaren asmoek, ordea, ezinegona sortu dute eta enplegua erregulatzeko espedientearen kontra, ELA eta UGT sindikatuek deituta, mobilizazioak egiten ari dira langileak. Azken asteotan, bertzeak bertze, grebak eta lanuzteak egin dituzte, eta larunbat honetan, maiatzaren 24an, manifestazioa eginen dute.

Legasako lantegian ez du ordezkaritzarik LABek, baina ohar bidez jakinarazi du, «hurbiletik» segitzen ari dela bertako egoera, «erabaki horrek eskualdeko etorkizuna erabat baldintzatzen baitu». Oroitarazi duenez, «urte aunitz daramatzagu enpresa multinazional honek hartutako norabidea salatzen, urte hauetan guzietan egin duen enplegu suntsiketa seinalatuz». Lantegia ixteko erabakia, ordea, «pauso bat gehiago» izan dela erran du eta sindikatuak «argi» utzi nahi izan du bere jarrera: «lanpostuen alde eta enpresa ixtearen kontra gaude».

Enpresa ixteak «eskualdean eragin nabarmena» izanen lukeela ohartarazi du LABek, «33 lanpostu suntsitzeak, langileen kaleratzeaz gain, sektorean formaturiko bertze hainbat herritarri etorkizunean eskualdean lan eta bizitzeko aukera ere zailduko baitie».

Sindikatuaren hitzetan, «ezin dugu enpresaren erabakien esperoan gelditu», eta horregatik egin du larunbatean lan espedientearen kontra egitekoa den manifestaziorako deia: «Legasa eta Doneztebeko bidea eginen dugu. Eskualdeko enpleguaren defentsan karrikak hartzea dagokigu». Arcelor Mittalen ERErik ez! lelopean, manifestazioa 11:30ean hasiko da Legasako lantegi paretik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun