Arcelor Mittalek Legasako lantegia ixteko asmoarekin segitzen duela salatu du ELAk

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 15a, 09:30

Atzo elkarretaratzea egin zuten langileek enpresak Berriobeitin duen lantegiaren atarian.

ELAk eta UGTk osatutako ordezkaritzak deituta, greba eguna izan zuten atzo langileek. Gaur, berriz, 13:00etatik 15:00etara, lanuztea eginen dute, eta horrekin batera, asanbladak.

Arcelor Mittal enpresak aurkeztu duen enplegua erregulatzeko espedientearen kontra, langileak hainbat mobilizazio egiten ari dira: maiatzaren 8an eta 14an grebak egin zituzten, maiatzaren 7an, 9an eta gaur lanuzteak....

Atzo, greba egunaz gain, Arcelor Mittalek aurkeztu duen enplegua erregulatzeko espedientearen kontsulta epearen hirugarren bilera eguna izan zuten. Horren balorazioa egin du ELAk, eta ohar bidez jakinarazi du «Arcelor Mittaleko zuzendaritzak kaleratzeekin eta Legasako lantegia ixteko asmoarekin segitzen duela». Eta gisa berean, «gogor salatu» du «enpresak ez duela frogatu erabaki hori justifikatzen duen arrazoirik».

40 kaleratze

Zuzendaritzak apirilaren 10ean eman zien lantegia ixteko asmoaren berri langileei. Legasan duen lantegiko produkzio guzia Agurainera (Araba) eraman nahi du, eta bi lantegietan, Legasakoan eta Aguraingoan, 40 lagun kaleratuko dituela iragarria du. Sindikatuaren hitzetan, «ELAk urteak daramatza Arcelorren jarrera eta jarduna salatzen. Enplegu suntsiketa etengabea izan da azken urteotan eta hau estrategia horretan pauso bat gehiago da». 

Bide beretik, «enplegua erregulatzeko espedientea alde batera uzteko» eta «etorkizun industriala eta enplegua bermatuko duten inbertsioetan oinarritutako negoziazioak hasteko» eskatu dio enpresari: «Txosten teknikoa egin duten adituekin kontrastatu ondotik, agerian gelditu da arrazoiak egiaztatu gabe segitzen dutela, planteatutako kaleratzeak ez direla justifikatuak eta aurkeztutako dokumentazioa ez dela nahikoa horiek egiaztatzeko».

Hurrengo bilera maiatzaren 21ean izanen dute. Eta gaur, aipatu bezala, 13:00etatik 15:00etara lanuztea. Lanuzte hori egoeraren balorazioa egiteko eta heldu den astetik aitzinera eman beharreko erantzuna adosteko probestuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun