Unai Apeztegia iruritarrak irabazi du Bertizaranako enduro moto lasterketa

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 14a, 08:00

Maila nagusiko podiuma.

Joan den igandean Bertizaranako enduro moto lasterketaren borzgarren edizioa egin zuten. 74 parte hartzaile izan ziren.

Testua eta argazkiak: Iban Lopez

Leku aunitzetatik etorritako 74 parte hartzaile bildu ziren igandean Narbarten, Euskal Herri osotik etorritakoak, baina baita bertze hainbat bazterretatik hurbildutakoak ere: Madrildik, Kataluniatik, Aragoitik... 

Aitzineko egunetako euritearen ondorioz, lasterketa gogorra izan zen, eta azkenean, denen artean irabazlea Iruritako Unai Apeztegia izan zen. Erakustaldi handia egin zuen iruritarrak eta bigarren sailkatutakoari ia bi minututako aldea atera zion. Scratch mailan, Apeztegiaren gibeletik, Raul Frutos eta Jose Antonio Lonbardia madrildarrak gelditu ziren. Aipatzekoa da joan den urteko edizioan irabazle izan zen Oihan Meokiren eroria. Motoa hondatuta, lasterketatik kanpo gelditu behar izan zuen.

Juniorren podiuma.

Juniorren kategorian, berriz, Oier Santiso bizkaitarra nagusitu zen, eta bere ondotik, Berako Alejandro Irigoien eta Donamariako Markel Leatxe gelditu ziren. 

«Lasterketa gogorra baina arrunt polita». Halaxe adierazi dute antolatzaileek eta kontent gelditu dira izandako erantzunarekin: «moto gidariak arrunt gustura gelditu zirelako eta ikustera jende aunitz hurbildu zelako». Adierazi dutenez, «heldu den urteari begira, hobekuntza batzuk eginen dituzte, lehiaketari indar gehiago emateko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun