«Beti tripako minarekin egoten nintzen». Zeliakoa zela jakin aitzineko oroitzapen horixe du gogoan Arene Salaberri Bertizek, baita «nire kabuz ogia eta nozilla jateari utzi niola» ere. Etxekoek kontatuta daki «arrunt nekatua» egoten zela; «hamahiru ordu lo egin eta oraindik ere nekatua jaikitzen omen nintzen».
Bortz urte zituelarik eman zioten diagnostikoa, eta «familian golpe ederra» hartu zutela erran du; «ez zutelako inondik inora ere espero». Glutena kenduta, «bizia aldatu» zitzaien, bai berari, bai ingurukoei eta «etxeko martxan eragin handia» izan omen zuen: «Ez genekien nondik zer erosi, proba pila bat egin genituen. Kozinatzeko orduan ere ohitura aunitz aldatu behar izan genituen, eta denak ikasten hasi ginen». Aldaketa bere onerako izan zen. «Nahiko agudo egin omen nuen hobera, nahiz eta denbora batez ez zitzaidan ongi jarri tripa, etxean ere ez zekitelako ongi nola saihestu glutena, zeharkako kutsadurarengatik».
«Etxetik kanpo aunitzetan ezin dut nahi dudana nahi dudanean jan»
Zortzi urte pasatu dira geroztik, eta egun, dietara «ohitu» da, eta berarekin batera, etxekoak. Etxetik kanpo, ordea, «gogorra» egiten zaio: «Aunitzetan ezin dut nahi dudana nahi dudanean jan eta oporretarako tokiak bilatzerakoan ere kontuan izan behar da, batzuetan telefonoz glutenik gabeko jatekoa badutela erraten baitizute, eta harat ailegatzean errealitatea bertzelakoa da». Dendetan «glutenik gabeko gero eta produktu gehiago» ikusten ditu, «nahiz eta batzuk arrunt txarrak diren eta ez diren batere osasuntsuak». Edozein kasutan, beti erne ibili behar: «Beti etiketak begiratu behar ditut. Jaten ditudan produktuak ezagutzen ditut baina zerbait berria erosi nahi badut, aunitz begiratu behar dugu». Horrez gain, «glutenik gabeko produktuak aunitzez ere garestiagoak» direla kritikatu du: «Batzuetan hiru aldiz garestiagoak». Eta diru kontuen harira, hartu izan duten dirulaguntza «irrigarria» aipatu du: «Diagnostikoa hartu genuenean, dirulaguntza eskatu genuen. Zein izan zen gure sorpresa? Urtean 19 euroko dirulaguntza eman ziguten!».
Nafarroako Zeliakoen Elkarteak emandako laguntza ere eskertu du, batez ere, «hasierako laguntza handia». Gainerakoan, «edozein lekutan, beldurrik gabe, jateko aukera» eskatu du, baita «prezioak berdintzeko edo dirulaguntzak» ere. «Glutenik gabe jan behar izatea ez da guk aukeratutako zerbait, behar dugun zerbait baizik. Jendeak ez dakit zer den zeliakia, hurbileko norbaiti tokatu arte. Nahiz eta entenditzen ahal duten, ezin dira egiatan gure lekuan jarri, ezin dutelako guk sentitzen duguna sentitu; norabait joan eta guretako deus ez izatea, edo ostatuz ostatu ibili behar izatea zerbait jateko».