EUSKARAREN EGOERA

«Euskaraz dakizun momentutik komunitate bateko kide zara»

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 3a, 08:00

Maite Lakar Iraizoz I Euskara irakaslea I Legasa

Aitari zor omen dio Maite Lakar Iraizozek euskararenganako maitasuna, «aita arrunt euskaltzalea genuen eta berarekin ttikitatik ikasi nuen euskara gure parte zela ikusten eta maitatzen». Beti eutsi dio horri eta euskara bere «bizitzaren ardatzetako bat» bihurtu da. Egun, euskara irakaslea da.

Zure inguruan zein da euskararen egoera?

Egoera kezkagarria da, joera handia baitago gaztelaniara jotzeko, handiegia.

TTIPI-TTAPAk hartzen dituen Hego Euskal Herriko 25 udalerrietako datuak hartuta, euskaldunen kopuruak beheiti egin du 1986tik. Zer hausnarketa eginen zenuke?

Euskaldunon identitatearen ardatzetako bat da euskara eta duen balioa transmititu behar dugu, heldu, gazte, nahiz haurrek euskara maitatu eta erabil dezagun. Euskaraz ez dakitenek ikasteko interesik ez izateak agerian uzten du haien ustez hemen ez dela beharrezkoa euskaraz jakitea. Gure kultura eta gure hizkuntza maitatzen eta errespetatzen lagundu behar diegu, animatu euskaraz ikastera eta behinik behin agurrak eta euskaraz egitera. Erran duzun moduan, datuek diote euskaldunen kopuruak beheiti egin duela, baina kalitateak ere bai. Euskaldunok egoera horren aitzinean erreakzionatu beharko dugu.

«Fokua adin tarte guztietan paratu beharko genuke, joera handia baitugu gazteak seinalatzeko, baina haiek ez dute denaren erantzukizuna»

Gaitasunean ere sumatu duzu aldaketa?

Bai, gazteekin lan egiten dut eta seme-alabak ditut. Inguru horiei erreparatzen diet gehienbat eta ikusten dut batzuen gaitasuna nahiko murritza edo eskasa dela, zailtasunak dituztela solasaldi bat euskaraz zuzen egiteko. Dena den, fokua adin tarte guztietan paratu beharko genuke, joera handia baitugu gazteak seinalatzeko, baina haiek ez dute denaren erantzukizuna, azken batean, gizartearen isla dira.

Zer da, zure ustez, garrantzitsuena: euskararen kalitatea edo hiztun kopurua?

Iruñean bizi nintzelarik garbi nuen erabilera edo hiztun kopurua dela garrantzitsuena, hori gabe ez baitago kalitateari begiratzerik. Behin hori ziurtatua dagoela, edo posible bada horrekin batera, kalitateari ere garrantzia eman behar zaio, dudarik gabe.

Zer da zuretzat kalitatezko euskara?

Egitura jatorrak dituen euskara, lexikoan eta esapideetan aberatsa, bizia. Gure eskualdeari erreparatzen badiogu, bertako formak zuzen erabiltzen dituena, azentu bizia eta jatorra duena.

Gero eta kezka gehiago sortzen du euskararen kalitateak. Aunitzen ustez, beheiti egin du. Zuri zer iruditzen zaizu?

Denetarik dagoela uste dut, normalean gaizki egiten diren gauzei begiratzen baitiegu. Hala ere, orohar beheiti egin duela uste dut. Ikasleei bertako adinekoen bideoak paratzen dizkiedanean, argi dago ez direla hola solastatzen eta horrek pena ikaragarria ematen dit. Haiek ere hausnarketa hori egiten dute.

Euskara kamutsa dutenak belaunaldi gazteak direla aditzen dugu maiz. Zer pentsatzen duzu?

Lehen erran dudan moduan, joera dugu beti gazteak seinalatzeko eta hori ez da bidezkoa. Euskaraz ahal duten moduan erdi moldatzen diren pertsona helduak ere badira, bere garaian debekatua zutelako euskaraz aritzea, haien etxeetan irakatsi ez zietelako, etab. Gazteei dagokienez, sare sozial gehienak gaztelaniaz dituzte eta bertan ageri diren youtuberrak-eta izaten dira haien erreferenteak. Gaztelaniaz ikasten dituzte esapideak, zirtoak, kantuak… Beraz, ez da harritzekoa euskara kamutsagoa izatea. Euskal erreferenteak behar ditugu.

«Adinekoen euskara baliabide izugarria da. Benetako altxorrak ditugu gure herrietan eta ez gara ohartzen»

Haurren eta helduen euskarak aunitz aldatu dira zure inguruan?

Niri gehien gustatzen zaidan euskara adinekoena da, jatorra, aberatsa, bizia… Zoragarria da! Ez naiz aspertzen adinekoekin solasean, beti ikasten dut zerbait. Pena ez dugula hori baloratzen eta eredu bilakatzen. Baliabide ikaragarria da. Benetako altxorrak ditugu gure herrietan eta ez gara ohartzen.

Artzeren esaldi ezaguna: «Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek solas egiten ez dutelako baizik». Hori leituta, zer etorri zaizu burura?

Egia dela, euskaldunok euskaraz egiten badugu eta gurea maite eta babesten badugu, gure inguruan eraginen dugu, gure ondokoek erreferentzia hori jasoko dute…

Harrigarria da euskara ikasteko ahalegin ikaragarria egiten dutenak zenbat saiatzen diren, ahal duten guztietan solastatzen dira euskaraz, nahiz anitzetan erraztasun handiagoa izan gaztelaniaz. Nik miresten ditut.

Eta Lazkao Txikiren «Laster erdaraz ariko gara euskaraz ari garelakoan» leituta?

Horrek ere egia ederra erraten du, gero eta erdal solas eta esapide gehiago erabiltzen ditugulako, oharkabean gainera.

«Herri hizkerak galtzen eta nahasten ari dira, estandarrarekin, bertakoak ez diren formekin... Saltsa handia dago hor eta noizbait heldu beharko diogu gai horri»

Herri hizkerarekin zer ari da pasatzen?

Gauza jakina da hizkuntzak biziak direla eta etengabe aldatzen direla. Dena den, herri hizkerak galtzen eta nahasten ari dira, estandarrarekin, bertakoak ez diren formekin... Saltsa handia dago hor eta noizbait heldu beharko diogu gai horri. Bortzirietan hasi dira eskoletan gai hori lantzen eta arrunt tresna potentea dela uste dut, denak eskutik joanez gero eta baliabideak emanez gero, haien mintzoak erdigunera ekarri eta balioa eta prestigioa emanen zaielako. Horrela, ikasleek ikusiko dute etxeko euskarak eta eskolakoak bat egiten dutela, ez direla bi gauza. Herri hizkerak identitarioak dira, gure eskualdekoa ez den forma bat aditzean, segituan identifikatzen dugu ez dela bertakoa. Uste dut horri heltzeak eta hori bultzatzeak lagunduko duela.

Zerk huts egiten du?

Gauza anitzek, argi dago; bertzenaz, ez ginateke beti euskara bultzatu behar dela erraten ariko, gure seme-alabei eta ikasleei euskaraz egin dezatela erraten.

Euskarak prestigioa behar du?

Dudarik gabe! Prestigiorik ez badu, nekez lortuko dugu bere tokia ematea.

Euskararekiko zer jarrera sumatzen duzue zuen inguruan?

Denetarik. Gehienek euskararen aldeko jarrera dute, baina ez denek. Kezkagarria iruditzen zait hori.

«Sentsazioa dut tsunami erraldoi baten kontra ari garela»

Egoerari buelta emateko, zer proposatuko zenuke?

Ez dakit, ni nire inguruan saiatzen naiz modu batean edo bertzean eragiten, baina sentsazioa dut tsunami erraldoi baten kontra ari garela. Lan ederra dugu.

Zerbait gehiago erran nahi duzu?

Nire amaren Txileko lagun batek hausnarketa hau egin zuen eta anitz gustatu zitzaidan. Ingelesez, alemanez, frantsesez… jakiten ahal duzu, baina ez zara inoiz ingelesa, alemana edo frantsesa izanen. Euskararekin ez da hori gertatzen, euskaraz dakizun momentutik, komunitate bateko kide zara, euskalduna zara. Euskaldun berria edo euskaldun zaharra, berdin du, euskalduna.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun