Bertizko Natur Parkean hainbat ekintza antolatu dituzte biharko eta etziko

Ttipi-Ttapa 2025ko mar. 20a, 16:30

Martxoaren 21ean ospatzen den Oihanen Nazioarteko Egunaren harira, bihar eta etzi hainbat ekitaldi eginen dituzte Bertizko Natur Parkean.

Ekitaldiak Nafarroako Gobernuko Ingurumen departamenduak antolatu ditu, eta debalde izanen dira. Hala ere, izen ematea aitzinetik egin behar da  948 59 24 21 zenbakira deituta edo cinberti@navarra.es helbidera idatzita.

Bihar, ortziralea, 10:30etik 14:00etara eta 15:00etatik 17:30era Bertizko lorategi historiko-artistikoa bisitatzeko aukera izanen da debalde.

Larunbatean, martxoaren 22an, ordutegi berean irekiko dituzte lorategiak. Gainera, bertze hainbat jarduera ere izanen dira.

10:00etatik 13:00etara Juan Goñik bisita gidatua eginen du Bertizko oihana ezagutzeko. 11:30ean, Zurrunka teatroren eskutik antzerki ibiltaria eginen dute hazien garrantziaz ohartarazteko. 12:30etik 13:30era, aldiz, Sustraieko Eder Beginok oihan sistemei, laborantza sistemei, mendi jangarrien plangintzari eta diseinuari buruzko hitzaldia emanen du.

Arratsaldean, 16:00etatik 17:30era Natura Bizia dokumentala emanen dute, bertako zuzendaria bertan dela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun