Legasako herritarrek urteak daramatzate Bartzelonako Vacarisses herriarekin harremanetan. Duela urte batzuk oporretan Baztanen barna zebiltzala ezagutu zuten elkar, eta geroztik, harremana mantendu dute. Urtero egin diete elkarri bisita. Jexux Etxart legasarrak TTIPI-TTAPAri kontatu dionez, «urtero Legasako bestetara eta bertzelako ekintzetara etortzen dira, eta gu ere joaten gara haien bestetara».
Elkarrekin eginen duten hitzordu horietako bat izanen da larunbatean, martxoaren 15ean, eginen duten Calçotada. Kataluniako tipula klase bat da calçota eta zuzenean garretan erretzen dute. Hala eginen dute Legasan ere, aurten hirugarren aldiz. 30 lagunek eman dute izena eta calçotaren aitzakian bildu, eta mahaiaren bueltan ederki bazkalduko dute.