Hirugarren 'Calçotada' eginen dute martxoaren 15ean Legasan

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 27a, 12:30

Aitzineko edizioetan hartutako irudiak. Jexux Etxartek utzitakoak.

Bazkarira apuntatzeko azken eguna larunbata, martxoaren 1a, izanen da.

Legasako herritarrek urteak daramatzate Bartzelonako Vacarisses herriarekin harremanetan. Duela urte batzuk oporretan Baztanen barna zebiltzala ezagutu zuten elkar, eta geroztik, harremana mantendu dute. Urtero egin diete elkarri bisita, legasarrak harat joaten dira, eta katalanak Legasara. Jexux Etxart legasarrak TTIPI-TTAPAri kontatu dionez, «urtero Legasako bestetara eta bertzelako ekintzetara etortzen dira, eta gu ere joaten gara haien bestetara».

Elkarrekin eginen duten hitzordu horietako bat izanen da martxoaren 15eko Calçotada. Kataluniako tipula klase bat da calçota eta zuzenean garretan erretzen dute. Hala eginen dute Legasan ere, aurten hirugarren aldiz. Urtetik urtera indartzen ari den hitzordua da, gainera. Duela hiru urte 15-20 bat lagun bildu ziren, eta joan den urtean 30 bat.

Calçotaren aitzakian bildu, eta mahaiaren inguruan ederki bazkalduko dute legasarrek eta Vacarisseko herritarrek. Eguraldi ona baldin bada, uhalde bazterrean bazkalduko dute, herriko etxea eta eskola parean duten txokoan. Sobera egun euritsua ez bada aterpean bilduko dira eta txarra baldin bada frontoian. Joan nahi duten herritarrek martxoaren 1a baino lehen jakinarazi behar diete Korori edo Jexuxi.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun