Harrigarria egiten zait mota guztietako instituzioek eta politikariek etxebizitzaren arazoaz halako enfasiarekin solastatzea, baita euren lehentasuna arazoa konpontzea dela entzutea ere, etxebizitza duin baterako sarbidea erraztu nahian.
Egia errateko, hipokritak iduri zaizkit hitzok, gaur egun dugun egoera urtetan ereindako utzikeriaren ondorio delako, merkatu espekulatzailea xaxatu eta etxebizitza merkataritza ondasun hutsa bihurtu denean, hagitz errentagarria gainera.
Erabat etsigarria egin zait bertzeen konturako langileak inbertitzeko etxebizitzak erosten ikustea, aurrezkiei errentagarritasuna ateratzeko, behar ez zuten etxebizitzekin. «Soldatapekoak higiezinen merkatuan inbertitzen».
Gobernuak, etxebizitza sustatzaileak, eraikuntza enpresak, finantza erakundeak…. espekulazioaren bertuteak goraipatzen ibili dira eta irabazi gozo-gozoak lortuz. Errealitate hori kritikatuz gero, merkatu honetako onura horiek hurrengo belaunaldien miseria bihurtuko zirela argudiatuta, jende gehienak ez zuen entenditzen eta ez zuen entenditu nahi.
Ba, hauxe dugu, egina dago. Eta orain, zer? Hitz handiak, asmo izugarriak, baino esperantza urria.
Hori gutti balitz, bertze faktore bat gehitu behar zaio arazoari. Ttiki dena ez dela errentagarria. Komertzioak hesten ari diren bezala, gure eskualdeko betiko promotore eta enpresa eraikitzaileak desagertu dira edo desagertzeko bidean daude. Eta enpresa handiek gure herrietan etxebizitza sustatzea irreala da. Norbaitek uste al du gobernuek eraginkortasun nahikoarekin jokatuko dutela egoera hau iraultzeko?
Badakit etxebizitza eredu berriak bulkatzeko asmoa dagoela, erabilera lagapeneko kooperatibak, etxebizitza kolaboratiboak eta abar… Uruguai edo Finlandiako politikak jarraituz edo Kataluniako ekimena eredu, 2004an sortutako kooperatiba, Sortre Civic.
Azken eredu hori ona da, baina, arrunt motela bere ezarpenean, izan ere ideologia kooperatibo argia eskatzen du eta gure jendartea indibidualistegia da.
Bada bertze modu bat, Austriako Viena hirikoa. Etxebizitza publikoa udal etxebizitzaren parkearen % 60arekin; 200.000 etxebizitza baino gehiago.
Nire ikuspegitik, horixe da eredurik azkarrena eta efizienteena, kooperatibismoa eta bertze alternatibak guttietsi gabe. Gure eskualde honetan, Baztanen, Bertizaranan, Bortzirietan eta Malerrekan norabide horretan eman beharko genituzke pausoak, eta hurrengo hau da nire proposamena: «Erakunde publiko bat sortzea, alokairuko etxebizitza sozialak sustatzeko». Erakunde honek, udal guztiekin osatutakoa, etxebizitzak sustatuko lituzke herri koxkor nahiz ttikietan, eta horretarako etxe huts eta hiri-zorua eskuratu beharko luke desjabetzearen bidea erabiliz, salerosketa bidez eskuratzerik ez balego.
Zalantzarik gabe, nahikoa baliabide ekonomiko bideratu beharko lirateke udal aurrekontuetatik eta era guztietako laguntza instituzionalak eskatu.
Etxebizitzaren arazoa egiazki arindu nahi badugu ordua da apustu argi eta garbia egiteko, eta erabateko lehentasuna eman gure udaletako erabakietan eta aurrekontuetan.
Baliteke zenbaitzuk hori utopikoa dela pentsatzea. Baina bertze batzuen utopiak gaur egungo gure errealitate ditugu.