Abenduaren 24an eguraldi ezatsegina zegoen arren, herriari buelta eman zioten haurrek eta gurasoek Olentzerorekin batera. Ondotik, aterpean txoko bat prestatu zioten eroso egoteko txiki denak agurtu bitartean. Bukatzeko, guraso elkarteak merienda goxoa prestatu zuen eta hainbat loteren zozketa ere egin zuten. Nabarmendu behar da sari guztiak atera zirela eta denak herrian bertan gelditu zirela.
Biharamunean, abenduaren 25ean jaiotza biziduna antzeztu zuten elizan. Aurten 30 bete dira antzezlana egiten dela, eta gogoan izan zituzten urte horietan denetan parte hartu duten herritarrak. Gainera, aipagarria da orduko arropak eta estalpea mantentzen direla, bere garaian herriko emakumeek jaso zituztenak.
Eguberriak hasteko, gainera, pasa den ortziralean, hilaren 20an eskolako umeek jaialdi polita egin zuten familien aitzinean, kantuak abestu eta dantzatu zituzten eta ondotik gosari goxoa izan zuten denendako. Arratsaldean, berriz, Dani Martirena legasarrak herriko gelan bere ipuina aurkeztu zuen. Dotore kontatu zuen ipuina eta bertaratutakoek txokolate beroa eta bizkotxoa dastatzeko aukera izan zuten.