Eva Irazoki Bazterrika

«Arteak betetasunez bizitzera gonbidatzen gaitu»

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 3a, 09:00

Sunbillan sortu eta Narbarten bizi den 62 urteko emakumea da Eva Irazoki Bazterrika. Mendian ibiltzea eta argazkilaritza ditu zaletasun, baina, batez ere, margotzea; «sortzeko, esperimentatzeko eta ikasteko beharra dut beti, eta oraindik ere bide luzea egiteko asmoa dut».

Etengabe ikasten

«Ttikitatik» izan du gustuko pintura, «margotzeko beharra sentitzen nuen». Hori dela eta, «lehenbizi nire kabuz ikasten hasi nintzen. Urte batez Irungo Udal Marrazketa eta Pintura Akademian ikasi nuen, eta gero Baztango aire zabaleko tailerretan parte hartu nuen, Jose Mari Apezetxea eta Tomas Sobrinoren eskutik. Gipuzkoako Artisten Elkartean eman nituen urte batzuk, eta grabatu tailer ikastaro batzuk egin ditut Donostian Arantza Gabinorekin». Hala ere, «oraindik aunitz dut ikasteko».

Koadro bat margotzea «nire errealitatea bertze dimentsio batean adieraztea» da Irazokirendako. «Arteak gure nortasunarekin lotura sakona eskaintzen digu, estresa arintzeko babesleku bat da, gure giza izaera aberasten du eta betetasunez bizitzera gonbidatzen gaitu». Hortaz, «arrunt zorrotza naiz nire lanekin. Koadroa beti hobetu edo kaltetu daiteke. Noiz utzi margotzeari, hor dago koska».

Hainbat estilorekin lan egiten du, tartean inpresionismoa, figurazioa eta abstrakzioa. «Mihisea aitzinean dudanean, ez dakit zein estilorekin lan eginen dudan. Momentuaren arabera sortzen dut koadroa».

Natura inspirazio iturri

Eskualdeko bertze hainbat artistek bezala, aire zabalean margotzea gustuko du gehien, eta paisaiek inspiratzen dute bereziki. «Gure inguruko edertasunak aunitz inspiratzen gaitu, udazkeneko, udaberriko eta neguko koloreek. Andaluzia aldera joanen bagina, gure inspirazio iturria bertzelakoa izanen litzateke».

Eta noski, eskualdeko artistak erreferentetzat ditut; «betitik erakutsi nautenak, Jose Maria Apezetxea eta Tomas Sobrino». Artista bakoitzak bakarrik eta bere aldetik lan egiten duen arren, «bertze artistekin harremantzen bazara, zure lanaren ikuspegia zabalagoa da». Baina horiek ez ditu erreferentziazko artista bakarrak: «kanpora begira, Paul Cézanne, Rafael Ruiz Balerdi, Zao Wou Ki…».

Artearekin disfrutatzen

Erakusketa ugari egin izan ditu bere ibilbide luzean, bertze artistekin zein bakarka. «Erakusketa kolektiboak Donostian, Irunen, Baionan, Biarritzen, Beran eta Lesakan egin izan ditut. Bakarrekoak, berriz, Donezteben, Elizondon, bi Bertizen eta azkenekoa Narbarten». 

Izan ere, irailean bere lanak ikusgai izan ditu etxean, eta herritarren aldetik erantzun ona izan dute. «Aberasgarria da niretako, herrian bertan, lanak jendearen aitzinean aurkeztea. Eta eskertzekoa da haiek niri erakutsi didatena; aunitzetan ez ditugu ikusten hurbilean ditugun ikuskizunak».

Sare sozialen garaian, artelanak aurrez aurre ikustearen alde agertu da Irazoki. «Gaur egun badirudi ez dugula bertze aukerarik, eta egia da sarean jende gehiagok ikusten ahal dituela zure lanak, baina niretako errezegia da pantaila aitzinean milioika artelan ikustea eta buruko minarekin gelditzea. Artelan bat zure begien aitzinean ikustea, bere aitzinean egotea, gustuko dut ala ez? Hori da benetako esperientzia». Hori dela eta, «ez dituzue nire lanak sare sozialetan ikusiko».

Etorkizunera begira, «urte osoan gai desberdinekin etxean erakusketak egiteko asmoa» du, «eta ateak irekiak izanen dira nahi dutenendako».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun