Bestak 2024

[ARGAZKIAK]: Besta partehartzaileak izan dituzte Legasan

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 3a, 13:00

Abuztuaren 28tik irailaren 1era bestak ospatu dituzte legasarrek eta bortz egunez adin guzietako jendearendako jarduerak izan dituzte.

Dianak, buruhandiak eta erraldoiak, dantzariak, pilota partidak, just dance, herritarren arteko lehia, aurpegi margotzea eta jokoak, zirku tailerrak, arroilak eta zuhaitzak, zezensuzkoa… Denetariko ekintzak izan dituzte Legasako bestetan. Hala ere, «jendearen parte hartze eta prestutasun aparta» azpimarratu dituzte legasarrek; «denon artean aski besta txukunak egin baititugu, auzolanean, elkarrekin herria eginez».

Horrekin batera, «denon ongizaterako, plazan komunak eta Doneztebeko karpa» paratu dituztela eta «ingurumena zaindu» dutela gaineratu dute, «edalontzi berrerabilgarriak erabiliz». Genero berdintasunaren aldeko mezua ere gogoan izan dute, «eraso sexisten aurkako kartelak eta leloak paratuta».

Gainerakoan, «egunero musika eta besta giro ederra» izan dituztela aipatu dute, eta «jatekorik ez da faltatu»: «Herriko hainbat eragileren eskutik, ia egunero otorduren bat doan egiteko aukera izan da: Kuku elkarteko luntxa, San Agustin eguneko patata tortilla afaria, Auroraren ondoko gosaria, gerren afaria, txokolate jateak...». Gisa berean, urtero bezala, «zopak, zikiro jatea, Zubietako taloak eta txurro denda» hor izan dituzte. Ez hori bakarrik: «Berrikuntza moduan, larunbatean food truck bat etorri zen».

Baina Legasan besta giroa ez da akitu, eta asteburu honetan, irailaren 7an eta 8an, Leokadiako ermitan urteroko erromeria izanen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun