Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiak (Vianako Printzea erakundea) antolatutako Kultur programaren 29. edizioak kultura eskaintza zabala ekarriko du aurten ere gure eskualdera. Bertizen María Jimenez Moreno Iruñeko artistaren Basati-Salvaje erakusketa ikusgai izanen dute uztailaren 1etik abuztuaren 31ra, aldian aldiko bertze zenbait ekitaldirekin batera eta musika eta dantza Donamariara, Berara, Zugarramurdira, Elizondora eta Leitzara ailegatuko da.
Erakusketa Bertizen uztailaren 1etik abuztuaren 31ra
Edizio berri honetan, publiko orokorrari hainbat gertaera, mito, tradizio eta sinesmen hurbildu nahi dizkion proposamen bat dago, iruditeria kolektiboan sorginaren irudia eraikitzeko garrantzitsuak izan zirenak. Nafarroako Maria Jimenez Moreno (Iruñea, 1978) artistaren obra da, argazkigintza, marrazkia, instalazioa baina batez ere ehun-eskultura (bereziki, kakorratzez ehundutakoa) lantzen dituen artista da. Materialek zein teknikek eskaintzen dizkioten aukeren eremu zabala ikertzen du.
Era horretan, Bertizko Lorategi Historiko-Artistikoan, Maria Jimenez Moreno artistaren Basati-Salvaje erakusketa ikusgai izanen da uztailaren 1etik abuztuaren 31ra, Nafarroako sorginen ehizaren testuinguru historikoa, kulturala eta soziala hurbiltzen duena. «Sentsoriala dena indartu nahi dut errealitatearen pertzepzioaren zati moduan, eta erreala eta onirikoa lotzea ere bai, lurralde liriko pertsonala landuz», nabarmendu du artistak aurkezpenean.
Erakusketa honekin loturik, Sorginorratz tailerra eskainiko du Maria Jimenez berak abuztuaren 17an (12:00) eta Bertizeko Natur Parkeko sendabelarrak ezagutzeko txangoa eginen dute abuztuaren 24an, 10:00etan abiatuta, Laura Gurbindorekin.
Eskualdeko emanaldiak
Bertizko erakusketaz aparte, Kultur programako lehen emanaldia Donamarian izanen dute uztailaren 19an. Iñaki Dieguez akordeoilariak eta Xabier Leturia pandero jotzaileak Pepito Yanci, beti bizi kontzertua emanen dute ortziralean 20:00etan Donamariako Jauregian.
Uztailaren 20an, larunbatean 20:00etan Berako Telletxeko lorategietan, Xabi Zeberiok Pause kontzertua emanen du.
Honekin lotutako jarduera turistikoa Beran bertan izanen dute uztailaren 20an, 18:00etan, Zalain jatetxeko aparkalekuan. Erleak, bere funtzioa eta eztia ezagutzeko tailerra eginen dute, baita ezti dastaketa ere. Informazioa eta izen-ematea: hbmugitz@gmail.com
Uztailaren 27an, larunbatean 12:00etan Bazkun Proiektuak taldeak Eguzkilore, jazz mitologikoa kontzertua joko du Zugarramurdiko lezean . Honekin lotuta, oinez egiteko ibilbidea eta gaztandegi batean dastaketa izanen dute goizean. 09:00etan abiatuko dira Azketa frontoiko aparkalekutik. Izen-ematea eta informazioa: info@orbela-beintza.com (20 euro).
Abuztuaren 3an, larunbatean 19:30ean Elizondoko plazan, Qabalum konpainiaren Todo este ruido dantza garaikide ikuskizuna izanen dute. Egun berean, 17:00etan, Jaime Urrutia karrikako 20.etik abiatuta, Elizondoko bisitatzeko eta taloak dastatzeko txangoa eginen dute. Informazioa eta erreserbak: baztantours@gmail.com (5 euro)
Irailaren 8an, azkenik, Anari abeslariaren Giza Zarata kontzertua aditzeko aukera izanen dute Leitzako plazan, igandean 20:00etan.
Eskualdeko artistak
Eskualdetik kanpo, eskualdeko musikariei ere beraien lana aurkezteko aukera emanen die Kultur programak. Janus Lester Berako musika taldeak Ez gaitzala loak harrapatu kontzertua emanen du uztailaren 27an Lizarran. Led Silhouette Lesakako dantza konpainiak, bere aldetik, Los perros ikuskizuna eskainiko du abuztuaren 17an Vianan.