Alazne Aizpuru eta Izaskun Iriarte txapeldun Baztango Emaztekien Frontenis Txapelketan

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 18a, 12:30

Urteetako ohitura berrartuz, Baztango Emaztekien Frontenis Txapelketa antolatu dute aurten ere eta 14 bikotek parte hartu dute. Asteburuan jokatu zuten finala eta Alazne Aizpuru eta Izaskun Iriarte narbartearrak izan dira irabazleak

Testua eta argazkiak: Ane Berho

Antolatzaileek apirilaren erdialdean zabaldu zuten emakumeen txapelketa egiteko asmoa, duela urte batzuk egiten ez den ekimena berrabiarazteko. 14 bikotek eman zuten izena, eta maiatzeko lehenbiziko astean abiatu zuten txapelketa.

Bi talde egin zituzten eta talde bakoitzeko lehenbiziko biak pasatu ziren finalerdietara, ekainaren 14an jokatu zirenak. Lehenik Alazne Aizpuru eta Izaskun Iriarte, Itxaso Iturregi eta Saioa Dendarietaren kontra aritu ziren, eta 30-24 irabazi zuten lehenbizikoek. Ondotik Nerea Bidegain eta Edurne Argain, Marijo Dagerre eta Marijoxe Alemanen kontra aritu ziren, eta 30-24 irabazi zuen lehenbiziko bikoteak.

Finala larunbatean jokatu zuten, ekainaren 15ean, goizez: Alazne Aizpuru eta Izaskun Iriarte, Nerea Bidegain eta Edurne Argainen kontra. 30-17 irabazi zuten narbartearrek eta txapela lortu zuen bikoteak. Zorionak!

Finalaren ondotik txapelketako parte hartzaile guziek bazkaria egin zuten Eskisaroien giro ederrean. Txapelketaren arrakasta ikusita, «hurrengo urtean berriz egitea espero dugu eta ea jende gehiago animatzen den!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun