309 biztanlerekin, desagertzeko bidean dauden Nafarroako bederatzi kontzejuen artean, handiena da Narbartekoa. Azken bi hauteskunde prozesuetan zerrendarik aurkeztu ez delako ailegatu da egoera horretara.
Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak Narbarteko kontzejua desagertzeko espedienteari ofizioz hasiera ematea erabaki du eta hala argitaratu zuten apirilaren 18ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Espedientea jende aitzinean argitaratuta, kontzejua desagertzeari buruzko alegazioak aurkezteko aukera zabalik dago geroztik eta hilabeteko epea izanen da horretarako.
Hauteskunde deialdiak hutsik
Hauteskundeetan zerrendarik ez aurkeztearena ez da kontu berria Narbarten. 2015eko hauteskundeetan hasi zuen Egoitz Gamio egungo alkatearen taldeak agintaldia. Orduan ere ez zen zerrendarik atera lehenbiziko deialdian, eta bigarrenean aurkeztu ziren. Lau urteren buruan, ez zen hautagairik aurkeztu hauteskundeetan, ez lehenbiziko deialdian, ez bigarrenean. Horren ondotik, Gamiok eta bere taldeak kudeaketa batzordea osatu zuten. 2023ko hauteskundeetan ere, ez zen zerrendarik atera, ez lehenbiziko deialdian, ez bigarrenean. Eta hala, bi hauteskundetan segidan inor aurkeztu ez denez, kontzejua desagertzeko espedienteari hasiera ematea erabaki du gobernuak, legeak hala ezarria baitu.
Desagertzeko hiru arrazoi
Legearen arabera, hiru arrazoi egon daitezke kontzejua desagertzeko: erroldatutako herritar gehienek idatziz hala eskatuta; kontzejuko gobernu organoak hala eskatuta, kideen legezko kopuruaren bi herenen gehiengoarekin; edo azken bi hauteskunde prozesutan segidan hautagairik aurkeztu ez bada.