Bertizko Natur Parkeak oihana zentzumenen bidez ezagutzera animatu du aste honetan

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 19a, 19:00
Jostetaren bidez Bertizko oihana ezagutzeko aukera emanen dute larunbatean eta hegaztiak izanen dira protagonista igandean.

Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuak hainbat jarduera antolatu ditu martxoaren 21etik 24ra Oihanen Nazioarteko Eguna ospatzeko

Bertizko Jaurerria Parke Naturalak, martxoaren 21ean ospatuko den Oihanen Nazioarteko Eguna dela eta, hainbat jarduera antolatu ditu. Ortzegunetik igandera bitartean, adin guztiei zuzendutako doako bisita gidatuetan edo jarduera ludikoetan parte hartu ahal izanen da. Parte hartzeko, aldez aurretik izena eman behar da cinberti@navarra.es helbidean edo 948592421 telefonora deituz.

Ortzegunean Ate irekiak Bertizko Lorategi historiko-artistikoan

Ingurumen Departamentuak antolatutako programa martxoaren 21ean (ortzeguna) hasiko da. Bertizko lorategi historiko-artistikoak ate irekien eguna izanen du, 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 18:30era.

Jostetaren bidez Oihana ezagutzeko tailerra

Larunbatean, josteten bidez oihana ezagutzeko tailerra eginen dute, 6 eta 10 urte bitarteko haurrak dituzten familientzat. Jostetaren bidez, Parke Naturaleko begiraleen taldeak oihana entzun, usaindu edo sentitzera animatuko ditu, oihanaz zentzumenen eta jolasen bidez gozatzeko, betiere naturarekin errespetuz.

Igandean hegaztiak protagonista

Azkenik, igandean, hegaztiak izanen dira eguneko protagonista, eta hegaztiak ezagutzeko gonbita eginen dute, kantuak entzunez. Jarduera 10:00etatik 13:00etara eginen dute eta aldez aurretik izena eman behar da. Entzun ahal izanen diren hegaztien artean, nabarmentzekoak dira okilak. Jardunaldi honetan parte hartzen dutenek, gainera, hegaztien kantuak identifikatzeko hainbat aplikazio ezagutu ahal izanen dituzte. Gorosti Natur Zientzien Elkarteak gidatuko du jarduera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun