[GUTUNA]: Familia txikia non dago?

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 29a, 10:30

Maite Bertiz haur eskolako hezitzailea da eta idatzi hau bidali du TTIPI-TTAPAra. Kritiko mintzatu da Nafarroako Gobernuak bi urteko haurrak ikastetxe publikoetan hartzeko plazak eskainiko dituela iragarria baitu. «Gure haur eskolan familia txiki bat gara, denok familia eta haur guztiak ezagutzen ditugu. Eskola handiak gauza bera gertatuko al da?», galdetu du.

Hogei urte inguru daramatzat haur eskola batean lanean, nire eskolan, gure eskolan, horrela sentitzen dugulako. Egunero ilusioz eta maitasunez beteta etortzen naiz lanera. Atetik Enea bere amatxo maitearen besoetan sartzen da, (abenduan 2 urte beteko ditu) nagi da, negarrez ari da eta ez duela gelditu nahi erraten du, bere ama indarrez besarkatzen du eta negar egiten du, negar aunitz egiten du... Bere amatxok bere barreneko min eta ondoez guztiarekin kontatu digu atzo ezin izan zutela bere alabarekin egon, aitak eta amak arratsaldez lan egin zutela eta horregatik Eneak, aiton-amonekin pasatu behar izan zuen arratsaldea. Denbora luzearen ondotik, Enea azkenean nire besoetara etorri da, besarkatu egin dut, denbora eman diot bere emozioak ateratzeko eta lasaiago gelditzeko...

Gure inguruan, eskola handira doazen haurrek autobusa erabiltzen dute, eta nik neure buruari galdetzen diot, benetan, oraindik bi urte bete ez dituen haur bat autobusera igoko dela? Bere ikuspuntutik begiratuta, autobus hori piztia bat da, 16 urte arteko neska-mutilez inguratua... Nork kontatuko dio bere irakasleari gaur ez duela egun ona? Nork ulertuko ditu bere mina, bere ondoeza? Autobusera goizean, 08:40an igoko da eta arratsaldean 16:10ean bueltatuko da etxera...

Benetan erraten diguzue hori espazio ona dela adin horretako haurrendako? Gure haur eskolan familia txiki bat gara, denok familia eta haur guztiak ezagutzen ditugu eta ia dena dakigu haur horietaz. Eskola handian gauza bera gertatuko al da? Batez ere, irakasleek gurasoekin egunero izaten duten harremana desagertu eginen dela jakinik...

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun