ASIER ARRETXEA

«Errugbiak dena eman dit eta horrekin ahazten dira lesioak eta une txarrak»

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 13a, 10:00

Asier Arretxea, BRT-Menditarrak taldearekin jokatutako partida batean.

Asier ARRETXEA BIDEGAIN, Narbarteko errugbi jokalari ohia

Baztanen errugbian hasi eta 19 urteko ibilbidea egin du Asier Arretxeak, tartean Ordiziarekin goi mailan eta Euskadiko selekzioarekin ere jokatu du. Lesio larri bat tarteko utzi behar izan du.

Narbarteko Arretxebideko semea da Asier Arretxea Bidegain. Tresneria berezia egiten duen enpresa bateko elektrikaria da lanbidez, baina bere pasioa errugbian jokatzea izan da. 36 urterekin, lesio bat tarteko, errugbia utzi behar izan du eta BRT Menditarrak taldearen omenaldia ere hartu zuen azaroaren 18an Lekarozen jokatu zuten partidaren aitzinetik. Errugbiak dena eman diola dio Hankaxurik, nahiz eta, irri artean, palmares handirik ez duela onartu: «Palmares ttikia, Baztanekin gure mailako txapeldun atera ginen behin, eta Ordiziarekin Espainiako superkopako txapeldun orde».

Noiz eta nola hasi zinen errugbian? Non eman zenituen lehen urratsak kirol honetan?

Erdi maila ikasketak (elektrizitatea) Iruñean egiten ari nintzela BRTko jokari batekin ikasten nuen eta hark komentatu zidan errugbian hasteko. Horretaz gain, Dantxarinean aritzen nintzen asteburutan lanean eta bertan iparraldeko jendea zegoen eta haiek ere probatzeko erraten zidaten. Bentetan egin nituen lehenengo paseak meloiekin, baita baten bat lurrera erori ere. Azkenean entrenatzera animatu nintzen eta gero partidu baten bat ikusi ere. Bertan Bengotxea, Iribarren eta Ezkurra anaiak jokatzen ikusi nituen eta ikusmina handitu zitzaidan. Hura ikusita konturatu nintzen ez zegoela jokalari prototiporik, edonork joka zezakeela, postu aunitz eta ezberdin zeudelako.

Asier Arretxea BRT taldearekin, plakatze lanean.

 

Ibilbide luzea izan duzu: BRT, Ordiziarekin ohorezko mailan, Nafarroa, goi mailako kirolari izendatu zintuzten…

Jubenil mailan hasi nintzen Baztanen eta gutxira seniorretan egin nuen debuta eta hor ibili nintzen urte osoa jubenilekin eta seniorrekin jokatzen. Tarte horretako bi jokalariri deitu ziguten Nafarroa sub20n (Baigorri eta Donibane Garaziko taldea) jokatzeko. Iparraldean bertze erritmo bat dute, bertze errugbi bat da. Bertan ez genuen partidurik jokatu (fitxekin arazoak izan ziren), baina hala ere, aunitz ikasi nuen. Baztanera bueltan zortzi bat urte jokatu nituen seniorretan, orduan liga berregituratu zen eta BRTk, liga zoragarria egin ondotik, ohorezko B mailan jokatzeko aukera lortu genuen. Baina, ekonomikoki eta ligaren gogortasuna zela eta, ez genuen onartu igoera. Pena handia hartu nuen, baina une horretan Ordiziatik deitu ninduten. Bertan lehenengo urtean errugbian bakarrik zentratu nintzen, ez nuen lanik egiten, hasiera gogorra izan bazen ere, pixkanaka-pixkanaka taldean egonkortzea lortu nuen eta titular moduan akitu nuen, eta arras pozik, atzerritar fitxajeak baitzeuden taldean, Samoa, Zeelanda Berria edo Hego Afrikako jokalariak. Bigarren denboraldian, lana eta han bizitzea eskaini zidaten, baina ez zen lehenbiziko denboraldia bezala joan: minutuak jokatzen nituen, titulartasun batzuk partekatuz, orduan etorri zen belauneko lesio larria (belauneko tendoi-rotulianoa xehetu nuen). Urte gogor baten ondotik, BRTrekin jokatu nituen play-offak eta nahiko maila onean. Ordiziatik deitu zidaten Euskal Herriko mugarteko txapelketa jokatzeko, polita izan zen iparraldeko taldeekin jokatzea, partidu parekatuak ziren, abiadura ikagarria, tentsioa nabaria zen hegoaldeko eta iparraldeko taldeekin, inork ez zuen galdu nahi eta entsegu bat egitea ere lortu nuen. Gero Euskadiko selekzioaren deia jaso eta partidu polit bat jokatzeko aukera izan nuen. Berriro Baztanen jokatzen hasi nintzen, berriro Ordiziaren deia jaso arte. Zalantza aunitzekin berriro onartzea erabaki nuen, baina honetan ez nituen nahi nituen minutuak jokatu, eta bidaiak eta lana medio, denboraldi erdian bueltatzea erabaki nuen. Aita ere izan nintzen eta Baztanen jokatu dut, baina orain errugbia utzi behar izan dut, belauneko tendoia hautsi baitzait.

Arretxea Ampo Ordizia taldearekin, taldekideek aupatua 'touche' batean.

 

Ibilbide guzti horretan zer da gehien bete edo harrotu zaituena?

Gehien bete ninduena BRTrekin, jausteko geundela, partidu horretan bi entsegu egin eta partidua irabaztea lortu genuen. Liga irabazi izan bagenu bezala ospatu genuen. Ordizian, berriz, VRAC taldearen aurkako finalerdia gogoan dut, Ordiziatik zortzi autobus joan ziren eta harmailetan Hankaxuri! oihuka entzutea izugarria izan zen. Ohorezko mailako nire partida onena izan zen, nahiz eta partida galdu. Pozik nago egindako ibilbidearekin, jarri ditudan helburuak lortu ditut, ohorezko mailan 34 partidu jokatzeko aukera izan dut, baita Euskadiko selekzioarekin ere. Baztanen ere urte mordoa egin ditut eta pozik nago, gainera bi urtez izendatu ninduten goi mailako kirolari.

«HIRUGARREN DENBORAK IKARAGARRIAK DIRA BAZTANEN»

Beharbada okerrena lesioak izan dira? Duela hamar bat urte izan zenuen bat gogorra eta orain bertze batengatik utzi behar izan duzu errugbia… Hori da makurrena?

Kirol guztietan bezala, txarrena lesioak bai, belauneko tendoia bi aldiz hautsi zait eta horrek eraman nau errugbia uztera, baina errugbiak aunitz eman dit eta horrek lesioak ahaztea egiten dizu, nahiz eta une txarrak pasa. Taldekideek aunitz lagundu didate.

Baztango taldean, Ampo Ordizian, Donibane Garaziko Nafarroa taldean, euskal selekzioan… bakoitzak bere bereizgarriak izanen dituzte…

Ezberdintasun handia dago: BRT kirola egiteko, besta egiteko, denetarako hor dagoen herriko klub xumea da. Nahiz eta 20 urte pasa eta jokalariak aldatu, berdin jarraitzen du. Politika sanoa du, adibidez, urtero gaupasa egiten dugu dirua lortzeko eta bai beteranoak, baita gazteak ere, elkartzen gara hori aitzinera eramateko. Erran bezala, familia bat gara eta Baztanen hirugarren denborak ikaragarriak dira, ez dut bertze taldeetan ikusi. Ordizia, berriz, talde profesionala da, ezberdina, entrenamendu gogorrak eta ingelesez-gazteleraz egiten dira, gimnasioko sesioak, etxeko partidak bereziak dira (jende aunitz hurbiltzen da ikustera) eta kanpoko partidetan, berriz, asteburu guztia etxetik kanpo eman behar genuen, igandetan jokatzen baikenuen eta urrun, Sevilla, Madril… Jokalari profesionalak zeuden eta beraien abiadura eta jakinduria guri erakusten saiatzen ziren.

Baloia eramaten Ampo Ordiziarekin, Ordiziako zelaian.

 

Zer eman dizu eta zer kendu dizu errugbiak? Zer da edo izan da zuretzat errugbia?

Errugbiak dena eman dit. Erran bezala, Baztan taldeari arras eskertu nago, talde bat baino gehiago da, kuadrilla, familia… ez dakit nola erran. Denerako hor dago, juergarako, auzolana egiteko, bidaiatzeko… urtero egiten dugu asteburuko bidaiaren bat, neska-lagunak ere errugbian jokatzen zuen familia izan arte. Orain bi neskatxo dauzkat eta gustatuko litzaidake beraiek ere Baztanen jokatzea, orain nesken taldea osatzean ari garelakoz.

 

Ibilbide guzti hori eskertzeko eta omentzeko BRTk omenaldi hunkigarria egin zizun Lekarozen… Hori ere oroigarri polita izanen da zuretzat…

Bai BRTk omenaldi hunkigarria egin zidan, ia 20 urte eta gero. Jokalari moduan agur errateko ordua iritsi da. Nahiz eta amestutako bukaera ez izan, halere, zoragarria eta imajina ezina izan zen. Eskerrik asko BRT, bukaera gazi- gozoa izan da, baina hor daude azken entrenamenduak (eskerrik asko Iñaki eta Joxe), partiduen aitzinetik duzun urduritasuna, partiduak berak eta, nola ez, hirugarren denborak… Ohore bat izan da 6 zenbakia horrenbertze denboraz bizkarrean eramatea. Badakit taldea esku ezin hobeagoetan utzi dudala eta aurtengo helburua lortuko dugula elkarrekin, talde ikaragarria dugulako. Gora BRT!

«POZIK NAGO NIRE IBILBIDEAREKIN, HELBURUAK LORTU DITUT ETA»

Etorkizunera begira, errugbiarekin nolabaiteko lotura izanen duzu edo zure lanean zentratuko zara gehiago?

Oraindik ez dut errugbia utziko dudala asimilatu, baina taldeari laguntzeko intentzioa dut, bai seniorrei edo nesken taldean, lan hori familiarekin partekatuz.

Bertzerik?

Bakarrik eskerrak eman errugbiari eta errugbiak eman dizkidan lagunei, eta denari, eskerrik asko familiari, eta Ana neska-lagunari, Udane eta Enara alabei… nire gozamena zuen esfortzua baita.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun