Duela zortzi urte hasi zuen Gamioren alkatetza taldeak agintaldia. Orduan ere ez zen zerrendarik atera lehenbiziko deialdian, eta bigarrenean aurkeztu ziren. Azaldu duenez, «lau urte eginda berdina pasatu zen; lehenengo deialdian ez zen zerrendarik atera eta bigarrenean aurkeztu ginen». Aurten, aldiz, ez da zerrendarik aurkeztu ez lehenbiziko ez bigarren deialdian.
Hauteskundeak pasatuta, «Nafarroako Gobernuak gutun bat bidaliko digu, agintean segitzea eskainiz. Ezetza emanez gero, haiek eginen dute batzorde kudeatzailea, herriko bortz lagunek osatuko dutena. Horretarako ez dituzte ausaz aukeratuko, kargua hartzeko prest daudenak bilatuko dituzte». Hala ere, honek ondorioak izan ditzake luzera, izan ere, «2027an, hurrengo hauteskundeetan, berriz ere inor aurkezten ez bada, Narbarte kontzeju gisa desagertuko da».
Alkatetza taldeak, «printzipioz, ez du segitzeko asmorik, baina ez gara jarri gaiaz solastatzera. Gutuna ailegatzean jarriko gara eta pentsatuko dugu zer egin».