Bertizko Natur Parkean ate irekien eguna eginen dute larunbatean

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 19a, 11:00

Larunbat honetan, urriaren 21ean, egun osoko egitaraua antolatu dute Bertizko Natur Parkean. Hurbiltzen direnek lorategi historiko artistikora dohainik sartzeko aukera izanen dute. Horrez gain, azoka, talo tailerra, bisita gidatuak, erakusketa eta saguzarrak ezagutzeko jarduera eginen dituzte.

  • 11:00etatik 14:00etara tokiko artisauen azoka eginen dute eta talo postua ere paratuko dute.
  • 11:30etik 12:00etara haurrentzako talo tailerra eginen dute. Aitzinetik izena eman beharko da.
  • 11:30etik 13:00etara lorategi historiko artistikora bisita gidatua eginen dute. Bisita hori euskaraz izanen da eta izena aitzinetik eman beharko da.
  • 16:30etik 18:00etara Nafarroako saguzarrak erakusketa inauguratuko dute eta jarduera didaktikoa eginen dute Bidasoa Ibaia erakusketa aretoan. Kasu horretan ere izena aitzinetik eman beharko da.
  • 16:30etik 18:00etara lorategi historiko artistikora bisita gidatua eginen dute. Aldi honetan, gaztelaniaz izanen da eta izena aitzinetik eman beharko da.
  • 19:15etik 21:00etara saguzarren gaua hasiko da. Parkean bizi diren saguzarren espezieak aditzeko, behatzeko eta identifikatzeko jarduera didaktikoa eginen dute Elkargunea Informazio eta Turismo Bulegoaren plazan. Izena aitzinetik eman beharko da.

Jarduera guztiak debalde izanen dira baina izena eman behar den jarduera horietan plazak mugatuak dira. Informazioa eta izen ematea 948 59 24 21 telefonora deituz egin behar da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun